2016 OTS. 25 Uliako Mintegiak parkea Udalbatzan hizpide, bizilagunak lekuko direla Uliatarrek eta parkea kudeatzen duen Uliako Lore-Baratzak elkarteak bertatik bertara jarraituko dute goizeko Udalbatza, Gobernuak Plan Orokorra aldatuko duen edo ez jakiteko. EH Bilduren zuzenketak ez eztabaidatzeko alkatearen hautuari helegitea jarri dio koalizioak. Oihane LARRETXEA DONOSTIA Gaur 09.30ean hasiko den Udalbatzan erabakiko da Uliako Mintegien parkea dagoen lur eremuan gazteentzako 70 apartamentu egingo diren edo, bestalde, zonaldea errespetatu eta etxebizitzak hiriko beste leku batean eraikiko diren. Horretarako ezinbestekoa da Donostiako Plan Orokorra aldatzea eta, ezusterik ezean, hala izango da, Udal Gobernuaren botoekin bai behintzat. EH Bildu eta Irabazi aurka daude. Gai honi buruzko eztabaidak bero jarraitzen du. Honen inguruan hitz egiten azkenak Uliako bizilagunak izan dira. Eneko Goia alkateari zuzendu zitzaizkion atzo, aurreko egunean parkearen inguruan «ezjakintasunez» egin zituen adierazpenak direla-eta. Prentsaurrekoan gogorarazi zutenez, parkea Pier Ducasse lorezain entzutetsuak diseinatu zuen, Gipuzkoa Plazako lorategiak diseinatu zituen berak, hain zuzen. «Parkea ezagutzea merezi duen altxorra da, oasia da», erantsi zuten bizilagunek, gogoraraziz modu altruistan egiten dutela lan. Gaur Udalbatzan izango dira, parkea bizirik mantendu eta etxebizitzak egitea bateragarriak ez direla adierazteko, Goiak baieztatu duenaren aurka. Beste auzoetako bizilagunen babesa jaso dute, zehazki Bidebieta, Intxaurrondo, Egia, Gros, Parte Zahar eta Amaratik, baita SEO-Donostiatik ere, parkeko hegaztien bilduma osatzen ari den ornitologia elkartetik. Plan Orokorra aldatzeko prozedura ere salatu zuten uliatarrek. Ingurumen inpaktuaren ebaluaziorik ez dela egin azaldu zuten, ezta ebaluazioa paisajistikorik ere. «Eta are larriagoa, Ingurumen Aholku Batzarraren aktatik ezabatu egin da espedientea Udalbatzara eraman aurretik beste bilera bat egiteko konpromisoa hartu zela», salatu zuen Uliako auzo elkarteak. DEBEKUAAlkateak ez du onartu EH Bilduk Ategorrieta-Ulia Plan Orokorraren aldaketari egindako zuzenketak gaurko saioan eztabaidatu ahal izatea. Erabaki horri koalizioak helegitea aurkeztu dio, eta beraz, gaur bertan jakingo da gaia eztabaidatuko den edo ez. TXOSTENAAurreko Plan Orokorrak Uliako eremu hartan luxuzko 30 txalet aurreikusten zituen. Hori ekiditeko, lurren kalifikazioa aldatu zuen EH Bilduk, Gobernuan zegoenean. Orain, Morlans proposatu du apartamentuak egiteko, Etxegintzaren txosten batean oinarrituta.