GARA Euskal Herriko egunkaria

Artzainotsoa


Oiartzungo erretore zen Manuel Lekuona handiari entzun nion lehen aldiz “otsabilko” hitza, «otsoaren beldurrez eta hura lotsantzeko egiten ziren jaiak», berdintsuak omen ziren hemen eta Erromako “Lupercalian”, bata bestearen kopia izan gabe, lupus han eta “otsoa” hemen. Otsabilkotik eratorri omen zen inauteria.

Otsoa eta otsaila, agian etimologikoki izanen da loturarik inauteriak noiz ospatu behar diren jakiteko. Agian. Pan ere aipatzen zuen, greziarrentzat artzainen jainko, eta erromatarrentzat fauno bat, otsailean sakrifizio bat eskaini eta bekatuak garbitzen zituena. Lan handia egin zuen Lekuonak ahozko literatura idatzira eramaten, eta ikerkuntza anitz inauterien inguruan, entretenimendua zirela, eta ez trufa eta barre egiteko zerbait.

Iragan astean izan ziren Ziburu eta Donibane Lohizuneko inauteriak, eta hartzaren esnatzearen eta sorgin gauaren ondoan, zanpantzar (edo San Pan zahar?) erre zuten Luis IX.a plazan, Baionako apezpikuaren irudia, kristauen artzainarena, Marc Ailletena. Showman bat, sare sozialetako printza. Abortuaren aurka posizionatu zen berriki eta inauteri taldekoek ez dute salatu gabe utzi nahi izan. Kritika izan du ekimenak, posizio eskuindarretatik nahiz erreakzionarioetatik, eta Peyuco Duhart auzapezari Udalak halakorik nola babestu ahal duen galdetu diote. Kristau jendearena ez bezala, honen erantzuna biziki elegantea izan da, orain urte batzuk bera erre zutela erran baitu, baita Alliot Marie ere, eta ez zuela harrabotsik atera, jokoaren parte delako hori, inauterietan herritarrek askatasunez beren arrangurak adierazteko eskubidea dutelako.