2016 MAR. 09 Oinartxoko lur kutsatuak Azkoitia Lantzen-ek ordaintzea ebatzi du Gorenak GARA AZKOITIA Auzitegi Goren espainolak berretsi du Azkoitia Lantzenek ordaindu behar duela 2009tik Oinartxo eremuko lur kutsatuen tratamenduaren kostua. EH Bilduk eman zuen epaiaren berri astelehenean. Udalaren elkarte publikoak duen auzi handienetakoa da Oinartxo zabortegiaren lixibiatuena. Koalizio abertzaleak oroitu zuenez, 2009an, Asier Aranbarri jeltzalea elkarteko lehendakari eta herriko alkate zela, erosi zizkion Azkoitia Lantzenek Hierros Eginori (Oñeder SL) Oinartxo eremuko lurrak. Hauek «erabat kutsatuta zeuden, zabortegitik eratortzen diren urak, hau da, ur lixibiatuak zituztelako». «Materia oso toxikoa denez, tratamendu iraunkor eta garestia behar dute –azaldu zuen EH Bilduk–. Baina, hala ere, eta oraindik arrazoia argitu gabe dagoen arren, Azkoitia Lantzenek lur horiek erosi zituen». Epaiaren ondorioak Erantsi zuen halako salerosketa kontratuetan argi zehaztu behar dela zenbateko kostua izango duen lurrak garbitzeak, baita ardura zeinena den ere. «Ez zen hala egin, eta inolako txosten teknikorik gabe lur horiek garbitu eta mantentzeak 500.000 euroko balioa zuela ezarri zuen» EAJko alkateak. Azkoitia Lantzenek bere gain hartu zuen kostu horren ardura. Urte luzeetan auzitan egon da lan hori egiteko ardura zeinena den, Azkoitia Lantzenena edo Hierros Eginorena, azkenean Auzitegi Gorenak ebatzi duen arte Udalaren elkarte publikoak ordaindu behar duela kostua. EH Bilduk zehaztu zuenez, epaiak bi ondorio ekarriko dizkie azkoitiarrei: alde batetik, bi milioi eta erdi euro pasatxo ordaindu beharra (2012ko abuztutik hona Lakuak garbiketa lanak egiten gastatu duena); eta bestetik, hemendik aurrera, 30 urte inguruan, lixibiatuak tratatzeko beharko den dirua jartzea (5 eta 15 milioi euro arteko aurreikuspen txostenak daude). Datu horiekin, kezkaz gain, galderak planteatu zituen koalizioak. Adibidez: «Zergatik sinatu zuen Aranbarrik kontratua?». Javier Zubizarreta egungo alkateari eta bere udal gobernuari (EAJkoak) itaun zuzenak egin zizkien: «Nola liteke hain kalte larriak dakartzan epaiari buruzko informaziorik ez ematea, autoa abenduaren 9koa bada?». «Nola defendatuko dituzue azkoitiarron interesak?». «Erantzukizunik eskatuko duzue?». Azkoitia Lantzenek eta Aranbarrik ezagunak dituzte epaitegiak. Besteak beste, iruzurragatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik inputatu zuten iaz alkate ohi jeltzalea.