2016 MAR. 11 ALKATE EUSKALDUNAK BAGARE, BAGERA, BAGIRE, BAGARA… ETXETIK KALERA EUSKAL HERRIKO ZAZPI HERRIALDE, ZAZPI HIRIBURU. BOST ALKATE DIRA EUSKALDUNAK ETA EUSKARAREKIN KONPROMISOA HARTUA DUTE ASPALDI. EUREN EGOERA SOZIOLINGUISTIKOA DESBERDINA DELA KONTUAN IZANIK, ELKARREKIN ARITU ZIREN ATZO. HONETAN GUTXIENEZ ADOS DAUDE. Azken eguneraketa: 2016 MAR. 11 - 05:40h Nagore BELASTEGI Gorka Urtaran, Joseba Asiron, Eneko Goia, Juan Mari Aburto eta Michel Etchebest izan ziren atzo arratsaldean Eskoriatzako unibertsitatean antolatu zuten saioko protagonistak, alegia, Gasteizko, Iruñeko, Donostiako, Bilboko eta Mauleko alkate edo auzapezak. Euskal Herriko zazpi hiriburuetatik bosten alkate izatea da lotzen dituen ezaugarri bat, eta euskaldunak izatea da beste bat. Aitzakia hori dela-eta, Gabonetan ETB1ek prestatzen duen saio berezian elkarrekin aritu ziren kantatzen, «Araban bagare, Gipuzkun bagera...». Baina atzokoa izan zen lehen aldia bostak elkarrekin euskarari buruz serioki mintzatzen zirela. Topaketa honen helburu nagusia euskara eta honek sor ditzakeen harremanetarako aukerak balioan jartzea zen. «685 herrik osatzen dute Euskal Herria eta horietako gehienak oso txikiak dira. Hala ere, euskaldungoaren kopuru handiena hirietan bizi da. Pentsatzekoa da hiriak direla traktore nagusiak», bota zuen Nekane Goikoetxea unibertsitateko irakasleak. Hitza hartzen lehena bilbotarra izan zen. Aburtok esan zuenez, Bilbon 80.000 euskaldun daude une honetan. «Bide luzea dugu oraindik egiteko, baina ez gaude bide horren hasieran. Azken hamar urteetan elkarlanean izugarrizko aurrerapausoa eman dugu. Erronka nagusia euskararen ezagutzatik erabilerara pasatzea da», baieztatu zuen. Iritzi bera zuen Goiak. Donostia da hiririk euskaldunena, baina erabileran oraindik lan asko dago egiteko. «Gune euskaldunak sortzea da gure erronka. Euskara erregistro urbanoan sartu behar dugu», aipatu zuen. Euskararen loraldia Gasteizko egoera orain arte kaskarragoa izan da baina azken urteetan loraldia izan du euskarak. «Ezagutza nabarmen handitu da azken 25 urteotan. Kalean nabari da nola gero eta jende gehiagok hitz egiten duen euskaraz, baina oraindik erabilerak ez du bat egiten ezagutzarekin. Nire lehenengo erronka alkate hasi nintzenean izan zen aurkezpenetan euskaraz mintzatzea», aitortu zuen Urtaranek. Beraren ustez, Gasteizen euskararekiko jarrera asko aldatu da. 90eko hamarkadan bazegoen «alderdi politiko bat euskararen kontra egiten zuena» eta sentimendu hori gizartean zabaldu zen. Baina orain «jarrera baikorra» dago eta «gasteiztarrek maite dute euren hizkuntza». EAEko hiriburuetan euskarak normalizazio prozesu bat bizi duen bitartean, gauzak zailago daude Nafarroan. Azken asteetan Iruñean haur eskola euskaldunak zabaltzearen inguruan sortu diren istiluekin egin dezakegu ideia bat. Hala ere, gobernu aldaketak euskarari arnasa hartzeko aukera eman dio. «Nafarroan hiru eremu linguistiko markatu ziren eta Iruñea lurralde mistoan gelditu zen. Horregatik, Udalak ez du euskaraz erantzuteko beharrik», kontatu zuen Asironek. Halere, hiztun kopurua handitu egin da. Haren ustez, «euskara prestigiatu egin behar da» aurrera egin dezan. Ipar Euskal Herriari dagokionez, Etchebestek mugaz beste aldean zailagoa dutela zioen. «Hemen bi hizkuntzak dira ofizialak baina Iparraldean hori ez da posible. Frantsesak ingelesaren kontra galduko ote zuen beldurra zuten Frantziako Errepublikan. Frantsesa ofiziala denez beste guztiak baztertzen dira. Nik ezin dut Herriko Etxean langile bat euskalduna delako hartu». Gainerako hirietan bezala, badago loratze bat. Lehen gero eta jende gutxiagok zekien euskara, baina belaunaldi berrietan gero eta gehiagok dakien. Gure hizlariak hiritarrak dira alkate baino lehen, eta horregatik txikitatik izan zuten esperientzien berri eman zuten, edonoren adibide gisa euren burua aurkeztuz. Aburtok kontatu zuen ama euskalduna zuela baina aita ez. Berak txikitan euskara erabiltzen bazuen ere, eskolan hasterakoan galdu egin zuen. Hala ere, gero ikasteko ahaleginak egin zituen eta euskaraz bizitzea lortu du orain. Asironen aita Elizondokoa zen eta, berak esan bezala, bere «patua» euskalduna izatea zen. Baina 6 urte zituela gerra hasi eta bere «patua hautsi egin zen». Euskara galdu zuen arren, bere burua beti baztandar moduan ikusi zuen eta seme-alabak ikastolara bidali zituen. «Pozik egongo zen jakitean bere biloba guztiak euskaldunak direla», aipatu zuen irribarretsu. Etchebesten kasuan, gurasoei euskaraz aritzea debekatu zieten eta, horregatik, seme-alabak frantsesez aritzea nahi zuten. Baina hauek euskaraz ikasteko grina zuten eta hala egin zuten. Gurasoek ez zuten ulertzen. Urtarani dagokionez, ordea, berak zuen gatazka, ez baitzuen ulertzen nola bere familia abertzalea izanik ez zekien euskaraz. «Oskorrik dioen bezala, 'ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena'. Maite badugu gure herria, gure kultura, euskal gizartea, maite behar dugu euskara», azpimarratu zuen. Goiak txikitan ikasi zuen euskara, nahiz eta aita ez zen euskalduna. Orain aurkezpen publikoetan saiatzen da oreka bat mantentzen eta sare sozialetan, gainera, ingelesarekin ere animatzen da. «Twitterreko txioak %50a euskaraz botatzen ditut, %46 gaztelaniaz eta %4 ingelesez», esan zuen. Saioa amaitzeko euskara ideiak amankomunean jartzeko tresna bat izan daitekeela ondorioztatu zuten alkateek. Aburtoren esanetan, «euskararik gabe ez dago aberririk. Zaindu egin behar dugu gure nortasun kulturala. Uste dut Bilbon etorkizunean etxeetan hizkuntza desberdinak erabiliko direla eta euskara zubi hizkuntza bat izango dela, denon artean harremanak osatzeko hizkuntza». ZERTZELADA BATZUK «Euskararik gabe ez dago aberririk. Gure nortasuna zaindu egin behar dugu» JUAN MARI ABURTO, Bilboko alkatea «Twitter-eko txioak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez botatzen ditut» ENEKO GOIA, Donostiako alkatea «Maite badugu gure herria, gure kultura, maite behar dugu euskara» GORKA URTARAN, Gasteizko alkatea «Hegoaldean bi hizkuntzak dira ofizialak, Iparraldean hori ez da posible» MICHEL ETCHEBEST, Mauleko auzapeza «Hemendik aurrera euskara prestigiatu egin behar da aurrera egin dezan» JOSEBA ASIRON, Iruñeko alkatea Euskal Herriko alkateek jatorri eta ideologia politiko desberdinak dituzte, baina harreman ona dute hala ere. Ekitaldia Gabonetan telebistan abestu zuten kantarekin amaitu zuten.