GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Isilpean hazten ari dena


Isilka, baina etenik gabeko crescendoan, ari da Asia hego-ekialdean hazten datozen urteetan mundu mailako krisi larriena bihur litekeena. Bi potentzia nagusiak, Estatu Batuak eta Txina, aurrez aurre kontrajartzen dituena, hain zuzen. Ttanttaka heltzen dira berri-izpiak hedabideetara, baina norabide bertsuan lerratzen dira denak: tentsioa areagotzen ari dela adierazten digute.

Duela astebetekoa da azken zertzelada: Estatu Batuetako arduradun militarrak australiarrekin hizketan ari omen dira, irismen handiko bonbaketari iparramerikarrak herrialde horretan kokatu eta Txina Hegoaldeko Itsasoko balizko jomugetara heltzeko moduan izan daitezen.

Egitasmo horrekin kausa-ondoriozko zerikusia izan dezakeen albistea izan genuen lehentxeago, beste aldetik: Paracel irlatxoetako batean Txinak aspalditxotik duen itsas basearen azken satelite argazkietan Hongqi-9 misil bateria pare bat bederen kausitu dituzte adituek. Errusiar S-300aren «kume» txinatar horien jaurtigailuetako bi, gainera, zerura begira tentetuta ikus zitezkeen, oharkabean geratzea nahi ez balute bezala... Askoz hegoalderago, Spratley uhartetxoetan txinatarrak eraikitzen ari diren irla artifizialen inguruan, bestalde, tentsioak askoz nabariagoa izan behar du, gerraontzi estatubatuarrek haietara ahalik gehien hurbiltzeko agindua jaso dutela argi baitago.

Iragan abenduan Swift almiranteak Asia Ekialdean arma lasterka bat hastear egon zitekeela jakinarazi zuenean, beraz, bazekien zertaz ari zen. Bere aldekoaren jakitun zelako, noski. Eta, ziur asko, Txinak Urtezahar egunean jakinarazi zuena ere (bigarren hegazkin-ontzia eraikitzen ari direla, eta hirugarrena ere urruti gabe ibil daitekeela) ezagutzen zuelako jada. Bake nahiaz baino gehiago, diru eske egindako adierazpenak ziren Swiftenak.

Oraingoz, propagandaren jarioa etengabea bada ere, inork ez du txinparta sor dezakeen pizgailurik dantzatzen. Baina lehergaia metatzen ari da, zinez.