GARA Euskal Herriko egunkaria

Donostiatik mundura egingo du jauzi «Altzoko Haundia»-k

Estatu frantseseko Charleville-Mezieres hiriko txotxongilo jaialdi prestigiotsuan eta Tolosako Topic-en izan ostean, igande honetan Donostian estreinatuko da ofizialki «Altzoko Haundia», Migel Joakin Eleizegiren istorioa opera formatuan ematen duen obra.


Nestor Basterretxearen diseinua, Koldo Izagirreren testua, David Azurzaren musika... «Kalitatea» izan zen atzo Xabier Paya Donostia 2016ko kultur zuzendariak “Altzoko Haundia” euskarazko haur operaren estreinaldi ofiziala aurkezteko prentsaurrekoan gehien erabili zuen hitza: «Horrenbesteko kalitatearekin topo egitea ez da ohikoa, are gehiago kultur sorkuntzan oso ohikoa ez den formatu batez ari garenean». Izan ere, haur opera da “Altzoko Haundia” (8 urtetik aurrera), baina txotxongiloak eta zuzeneko musika ere eskaintzen ditu. Guztia, Migel Joakin Eleizegiren istorioa kontatzeko: 1818an Altzon jaiotako mutilak gigantismoa zuen eta 2,42 metroko garaiera izatera iritsi zen. Berezitasun hori zela-eta garaiko gizarteak baztertu egin zuen Eleizegi, baina aldi berean Europa osoa zeharkatzera ere eraman zuen, zirku batek haren berezitasunean bertutea ikusi baitzuen. “Altzoko Haundia” haur operak Eleizegiren istorioa berreskuratu eta oholtza gainera formatu berezian eta «profesional bikainen eskutik» dakar.

Estreinaldi ofiziala

Haur opera igande honetan, hilak 20, estreinatuko da ofizialki eta bi saio izango dira: eguerdiko hamabietan eta arratsaldeko seietan, Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Aurretiaz, baina, “Altzoko Haundia” birritan igo da oholtza gainera. Lehenik, Estatu frantsesean, nazioarteko txotxongilo jaialdi prestigiotsuenetakoa den Charleville-Mezieres hiriko festibalean, eman zuten, iazko irailaren 27an. Payaren hitzetan, bertan «kritika bikainak» jaso zituen ikuskizunak eta bereziki Azurzak konposatutako musika goraipatu zutela adierazi zuen. Bigarrenik, Tolosako Topic-etik sortutako proposamena denez bertan ere oholtzaratu zuten.

Igandeko estreinaldi ofizialaren ostean, ikuskizuna hainbat herrialdetan izateko «elkarrizketatan» ari direla jakinarazi zuen Topic-eko zuzendari Idoya Oteguik. Estatu espainolean zenbait emanaldi lotuta dituztela azaldu zuen –Madril, Valladolid eta Segovia aipatu zituen–; Belgika eta Errusiatik «interes handia» erakutsi dutela ziurtatu zuen eta Hegoafrikaraino ere iritsiko dela nabarmendu zuen. Leku guztietan euskaraz eta azpititulatuta eskainiko da ikuskizuna, eta Orfeoi Txikiaren ordez tokiko haur koruek hartuko dute parte obran.