2016 MAR. 17 Sebastian Zubilletaren inguruko trilogia gaztelaniaz argitaratu du Txalapartak A.K. DONOSTIA Edorta Jimenezek Sebastian Zubilleta protagonista hartuta nobela historikoen trilogia ondu zuen eta obra osoa gaztelaniaz argitaratu du Txalapartak. “Baleen berbaroa” (“Voces de ballena”) lanarekin abiatu zuen Jimenezek bere proiektua duela kasik hogei urte. «Kontatzen da euskaldunen parte-hartzea gerora Armada Garaiezina deitu zen hartan. Hori izan zen 1588an. Sebastianen jaiotza eta bere esperientzia biltzen dira, hain zuzen, lehenengo liburu horretan. Armadarantz doa, bere lehengusuaren lekua hartuta, identitatea ordezkatuta», aipatu du idazleak. Horren ondotik iritsi zen “Sukar ustelaren urtea” (“El año del tifus”), Lisboan kokatuta, Armadarekin Ingalaterrarantz noiz itsasoratuko zain. «Hor dagoen artean gertatzen dira krimen eta gertaera batzuk eta bigarren pertsonaia nagusia da mediku judu ezkutuko bat, Mihuri izena duena. Kontatzen dira Lisboan eta gero Coruñan izan zituzten gorabeherak. Sebastianek azkenean armaz borrokatu beharra dauka eta heriotzari aurre gin behar dio». “Azeria eta lehoia” (“El Zorro y el León”) lanak osatzen du trilogia, gaztelaniaz 2015 amaieran argitaratutakoa. Bertan, emakumeek jorratzen dute paper nagusia. «Armada hartan debekatuta zegoen arren, emakume batzuk joan ziren eta horiek dira hirugarren liburuko protagonistak», nabarmendu du. Hiru lan horiek osatzeko Jimenezek dokumentazio lan eskerga egin behar izan du, zehatz-mehatz bildu baititu garaiko gizartearen eta bizimoduaren zertzelada guztiak. Trilogia hori ez da soilik gaztelaniara itzulia izan. Italieraz argitaratu dira lehenengo bi aleak, eta alemanez, hiru eleberriak itzuliak izan dira, baina soilik lehenengoa argitaratu da. Idazlearen aburuz, laster kaleratuko dira beste biak.