2016 MAR. 24 Ikasle Abertzaleek ekimen aro berri bat hasi nahi dute herri fronte zabala osatzeko Antolakundeak martxoaren 17ko greba egunaren eta horren ondotik sortu diren baldintzen balorazioa egin zuen, horiei eustea «ezinbestekoa» dela iritzita. Belaunaldi haustura gertatzen ari dela erantsi zuten. GARA GASTEIZ Iragan martxoaren 17an 15.000 ikasle inguruk bat egin zuten, Ikasle Abertzaleek eskainitako datuen arabera, hezkuntzan deitutako greba egunarekin, besteak beste, sistema propio bat aldarrikatu eta Madrilgo zein Lakuako gobernuek ezarritako erreformak kritikatzeko. «Egungo hezkuntza eta erreforma inposatuak apurtzeko alternatibak eraikitzearen alde atera ginen kalera», defendatu zuten. Aldarrikapen egunaren balorazioa egiteaz gain, egunaren beraren bidez sortu diren baldintzen gaineko balorazioa egin zuten atzo Ikasle Abertzaleek. Gazteen aburuz, «belaunaldi haustura bat gertatzen ari da»; alegia, langileriak eta herri sektoreak prekaritatea, desjabetze eta akritikotasuna bezalako «egoera larriak normaltzat» barneratzea nahi da. Egoera horren aurrean sistemak aurkitu duena «gazte eta ikasleon erantzuna izan da», adierazi zuten atzo. Norabide horretan, beharrezkotzat jo zuten berriz ere «Euskal Herria eta bertan bizi garen herritar zapalduen borroka, ofentsibazko ziklo berri batean sartzea. (…) Azken urteotako apustuen, azken hilabeteotako dinamiken eta martxoaren 17ko mobilizazio egunaren bidez, baldintza aldaketak gertatzeko aukera dagoela uste dugu», erantsi zuten. Bide horretan eraikitzen segitzeko asmoz, Ikasle Abertzaleek atzo herri mugimenduari dei egin zioten «sortzen egon daitezkeen baldintza horiei heldu eta denok batera herri hau askatasun osora eramango duten dinamikak martxan jartzeko». Hala, datorren maiatzean, Euskal Herriko borroka sektorial guztiak batuko dituen mobilizazio nazionala egingo dutela iragarri zuten, oraingoz eguna zehaztu gabe. Autokritikarako tartea Bologna, EU2015, 3+2, Lomce zein Heziberri hezkuntza erreformak geldiarazteko lanean ari direla ere adierazi zuten. Mobilizazio eta salaketa horien aurrean «entzungor» egiten duten erakundeak kritikatu zituzten, baita martxoaren 17an Ertzaintzak izandako jarrera ere. Autokritika ere egin zuen ikasle mugimenduak, onartuz «ikasleriaren sektore ugarik» jazo ziren hainbat gertakari «ez ulertu edo tokiz kanpo» ikusi dituztela. «Bidea egiten ari garenok erabateko apustua egin behar dugu kontraesanak gainditu eta izandako akatsetatik ikastearen alde. Baina, era berean, askapen prozesuak azkartu eta eraginkortzeko horiek babestu eta indartzeko apustua egin behar dugu», aldarrikatu zuten. MAIATZADatorren maiatzean «Euskal Herriko borroka sektorial guztiak» batuko dituen mobilizazio deialdi nazional bat egin zuten Ikasle Abertzaleek, nahiz eta ez zuten egunik zehaztu.