GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Gure «tres porciento»-ak


Gipuzkoarrok lasai egon gaitezke. Salbuespen legealdia, lau urteko etenaldia, amaitu da eta normaltasuna –hau da EAJ– itzuli da dagokion tokira. Itzuli dira, beraz, txantxulloak.

Atzo berri on bat ekarri zigun EAJk, Jesu Kristok bere jarraitzaileei bezala. Beste mirari bat, biderkatu egingo baitu guztiok jango dugun… zorra. Erraustegiaren obrak martxan jarri ahal izango dira azkenean, «sozio» pribatu bati emanaz obrak egiteko ardura eta erraustegiaren gestioa. ETBn pozik ziren, diputazioak eta GHK-k zorpetu gabe egin ahal izango ei dute-eta zabor irenskailua. Eta oraindik tontoak garela pentsatuko dute.

Ez da egia Gipuzkoako instituzioak ez direla zorpetuko, «sozio pribatu» horri kanon finko bat ordaindu beharko baitiogu denon artean 30 urtean (7 legealdi!). Ikus 2011ko swapekin gertatua edo Nafarroan Iruñea-Logroño autobidearen «peaje ezkutuak» eragin duen hondamendia. Eredu bera baita. Gestio neoliberal purua. Hauek dira gure Valentziak, Castellonak eta Ciudad Realak. Gure tres porcientoak.

«Sozioei» poltsikoak berotzen dizkieten bitartean, AGI bezalako laguntza sozialak murrizten dituzte gainera, diskurtso xenofoetan oinarrituta. 20-30 urterako pribatizazioekin ezinezkoa egiten da zerbitzuak esku publikoetara itzultzea eta kalitatezko lanpostuak zein zerbitzuak sortzea. Ezin dugu onartu ustelkeriarako eta etorkizuneko ate birakarietarako espazioak irekitzea eta, batez ere, atean oina ipini beharra dugu marko instituzionaletatik etorkizunean egin daitezkeen aldaketa sozialei bidea ez ixteko.

Ze aizue, nik dakidala ordezkari politikoak 4 urterako hautatzen dira, ez 30erako. Halako erabaki potoloak hartu behar badira, gutxienez galde diezaiotela herriari. Hori dena gutxi balitz, Bidegiko iruzurra errepikatzen jarraitzen du EAJk Jaurlaritzan. AHTn berdin, %99a amaituta dagoen eta «azken erremateak» geratzen diren Andoain-Urnieta tartean prezioa %10 garestitu da azken unean.

Honi guztiari buelta emateko mobilizazio soziala eta lanketa politikoa beharrezkoa da, maila guztietan.