2016 MAR. 28 JO PUNTUA Dena da gris Ixabel Etxeberria Irakaslea Europako Kontseiluak Tokiko Autonomiaren Europako Karta ez errespetatzea leporatzen dio Frantziari, Lurralde Erreformaren karietara ez baitu inongo kontsultarik antolatu. Izan ere, Kartaren arabera, lurralde antolaketa aldatzeko tokiko agintarien oniritzia beharrezkoa da. Haatik, Frantziak eraman duen erreforman horrelakorik ez da gertatu. Horrela, Akitania Poitou-rekin lotu da eta erregio are handiagoa sortu dute, kontsultarik gabe. Berriz ere, demokraziak Europan araudi zehatz batzuk finkatu dituelarik, Frantziak bere interesen arabera kontuan hartzen ditu ala ez. Kasu horretan, antolaketaren aldaketak urte batzuk eman dituelarik sortzen eta definitzen, ez du Europako araudia errespetatzen. Nahiko harrigarria, askotan araudiak ezin gaindituak direla erraten duten agintari hain demokratikoengandik. Dena den, Europak ez du auzia bertan behera utziko eta Frantziak baliteke zonbait erantzun eman behar izatea Europako kontseiluaren galderei. Horren ondoan, aldiz, Europako araudia ederki errespetatzen da Ipar Euskal Herriarentzat prestatzen den Herri Elkargo bakarraren kasuan. Izan ere, hautetsi guztiak kontsultatzen dira, eta herriko kontseiluak hasiak dira erantzuten. Demokrazia ariketa bat tokiko atxikimendua erakusten duena, Ipar Euskal Herriari berezitasun zerbait ezagutzen diona. Berri ona, gehiengo handi batek iritzi baikorra erakusten baitu instituzionalizatze horren aurrean. Lurraldearekiko interesa badagoela ageri da. Hau, dudarik gabe, elementu baikorra dugu. Orain Alderdi Sozialistak bururaino eraman beharko duen proiektua. Berriz ere politikariek lege aldaketak, gogortzeak, aipatzen dituzte. Batzuek benetako bizi osorako espetxe zigorrak, poliziarekiko kolaborazioa legean sartzea. Emozioa pil-pilean dagoelarik diskurtso erredikalenak entzuten dira. Konponbide politikorik ez da aipatzen, bakearen bilatzeko elkarrizketarik ez. Gerlarako diskurtsoa da nagusi; horrek ez ditu gertakarien sustraiak hunkitzen, beldurra eta sarraski gehiago baizik ez du iragartzen. Frantziako poliziak atentatuak egin zituzten pertsonak ez zituen bizirik hartu. Belgikakoak ez du berdin jokatu. Gertakari latzen aurrean erantzun latzenen onartzeko prest gaude. Onak eta txarrak gero eta definituagoak izanen dira. Xuriak eta beltzak, gris direnentzat tokirik ez. Remi Fraisse hil zutelarik eskuak altxatuak zituen, ez zuen inongo lehergailurik. Gerlarako diskurtsoa da nagusi; horrek ez ditu gertakarien sustraiak hunkitzen, beldurra eta sarraski gehiago baizik ez du iragartzen