GARA Euskal Herriko egunkaria
IZOTZ-ESKALADA

Dani Arnoldek Ben Nevis mendiko bide gogorrena eskalatu berri du

Suitzarrak «Anubis» bidearen (XII, 12) lehendabiziko errepikapena egin du martxoaren 5ean. Bi bidaia eta lau saio behar izan ditu helburua lortzeko.


Askotan aipatu izan dugu Ben Nevis (Eskozia) mendian udan zein neguan eskalatzea berezia dela oso. Neguari dagokionez, ohikoa ez den izotz geruza txiki batek edo antzigar moduko batek hango hormak estaltzen ditu. Eta, gainera, debekatuta dago babesleku finkoak (hots, paraboltak) ezartzea.

Jakina, eskalada mota berezi horretan “atzerritar” gutxi aritzen da; eskuarki, Britainia Handiko eskalatzaileak dira protagonistak. Eta zailtasun handiko bideetan jarduten duten “atzerritar” horiek bakan batzuk baino ez dira.

Horietako bat Dani Arnold dugu. Suitzarra goi mailako alpinista da, eta Ben Nevisera bidaia bat baino gehiago egin ditu. Azken bisitan, adibidez, denak ahoa bete hortz utzi ditu. Bai, alpinista honek Ben Nevisen dagoen biderik zailena eskalatu du. Hori pasa den martxoaren 5ean egin zuen, eta kateatutako bidea “Anubis” (XII, 12) izan da. Gainera, marraren lehen errepikapena erdietsi du.

Bide hori, berez, Dave MacLeod eskoziarrak lehen aldiz eskalatu zuen, eta harentzat Eskoziako neguko eskaladaren gradu gorena (XII) proposatu zuen. 220 metro luze da bidea, eta udan E8 6c gradua du; hots, gure eskalan 8a+ izango litzatekeena, baina arrisku handiarekin.

Arnoldek adierazi du hango eskalada asko gustatzen zaiola: «Eskozian lau aldiz egon naiz, lehena 2011. urtean, eta makina bat bide eskalatu ditut. Zailenen artean aipatuko nuke ‘The Hurting’ (XI), baina errazak ere egin ditut. Adibidez, ‘Gemini (VI), ‘Tower Ridge’ (VI), ‘Savage Slit’ (V)... Ikusten den bezala, erabat gozatzen dut bide errazetan. Bide gogor eta samurren artean jardutea oso gustuko dut».

Lau saio

Suitzarrak argi zeukan aurten ere berriro Ben Nevisen eskalatu nahi zuela: «Urtarrilean han nintzen, eta ‘Anubis’ ia bigarren saioan sinatu nuen. Oso eskura izan nuen, baina bat-batean tenperaturek gora egin zuten eta Kanadara joan nintzen. Martxoan, berriz, baldintzak askoz ere egokiagoak ziren. Beste saio bat egin eta bidearen giltzan erori nintzen. Eta laugarren eta azken ekinaldian ‘Anubis’ bidearekin egin nintzen».

Lerrootako protagonistak aurreratu du “Anubis” buruan zuela: «Argi neukan ‘The Hurting’ eskalatu ondoren beste urrats bat egin nahi nuela. Helburuak edukitzea ona da, eta horretarako asko entrenatu dut. Helburua bete edo porrot egitea ez da garrantzitsuena. Nik normalean bidaia eta buruko borroka azpimarratzen ditut; horrek guztiak niretzat arrakastak baino balio gehiago du».

“Anubis” bidearen inguruan, Arnoldek zoriondu egin nahi izan du MacLeod marra sinestezina prestatzeagatik: «Urtarrilean oso sasoiko nengoen, eta pena eman zidan bidaia horretan helburua ez lortzea. Uste dut krokisa ez nuela ondo aztertu, eta akatsen bat egingo nuen. Davek egin zuen lana ikaragarri ona izan zen».

Eskoziako graduaren inguruan, suitzarrak onartu du zaila egiten dela gurearekin alderatzea: «Nik Ben Nevisen ez ditut muturreko bide asko egin, eta, beraz, ez dut eskarmenturik esateko ‘Anubis’-ek gradu hori duen ala ez. ‘The Hurting’ ia bistan egin nuen, eta ‘Anubis’-en hiru eroriko izan nituen. Ezin ditut alderatu. Hori bai, ‘Anubis’ oso fisikoa da. Eta gainera kontuan hartu behar da baldintzak ez direla beti berak. Horrez gain, aipatuko nuke hango eskala eta gurea oso ezberdinak direla. Hemen ere oso zailak diren bide tradizionalak ditugu, baina hango paretak ez dira izotz eta elurrarekin estaltzen. Beste teknika bat erabiltzen duzu. Jakina, ‘Anubis’ poltsikoratzeko dena eman behar izan dut».