GARA Euskal Herriko egunkaria

Xîpîek nahîkara!


Bigarren urtez, Bilboko Loraldia Festibalak Euskal Herrian sortutako ikus-entzunezkoen uztaren hainbat proposamen aukeratzeko gonbita luzatu zidan. Zer aukeratu eta zeren arabera? Erabaki zaila da. Sasoi ederrean bizi da euskarazko zinema. Herri txikia gara, baina badago harrobirik. Zirkuitu komertzialetik at nolakoa da euskal zinemagintzaren baratzea? Aberatsa. Eta, gainera, ikusle sortzaile eta aktiboak eratu ditu. Ongarri ona, zalantzarik gabe. Aurten, baratzeari begira prestatu dugu programazioa, eta laburrei egin diegu so, badakigulako txikiek nahikara egiten dutela lan eta horrek interesgarri bihurtzen ditu. Euskal Zinemaren kimurik deseroso, basati eta amateurrenak Alondegira ekartzeko hautua egin dugu. Zazpi probintzietako zinemagileak 26 film laburrez osatutako pelikula bat sortzeko bildu ziren. Baldintza bakarrak: euskaraz grabatzea, euskal elementuetan oinarritzea eta, goitik behera, Euskal Herrian ekoitziak izatea. Emaitza: poliedrikoa eta ausarta. «Zinemagile profesionalak, oilar-pisuan borrokatzera ohituak dauden amateurrak eta lehen aldiz kamera bat hartu eta labur bat grabatzeko abenturan murgildu diren inkontzienteak aurkituko dituzue», esan digute ekimenaren errudunek. Gure artean Santi Leone eta Ane Urkiola izango ditugu ostegunean eta ondoan, gertu, Josu Martinezen “Gure Sor Lekuaren Bila” eta Patxo Telleriarekin “Igelak” filmaren aurrerapena.