GARA Euskal Herriko egunkaria

Ipar Euskal Herria elkargoaren alde sostenguak pilatzen jarraitzeko deia

Prefetak ezarritako bi baldintzak beteta, lehen aldiz Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoa batuko dituen erakundea sortuko da. Halere, babesa handitzeko, maiatz amaiera artean bozkatu behar duten udalei dei egin diete, «elkargoa denen artean eraiki dezagun».


Pozarren hartu dute Ipar Euskal Herria bilduko duen elkargo bakarraren aldekoek Bardozek herenegun arratsean egindako bozketarekin prefetak ezarritako bigarren baldintza ere –udalerrien erdia baino gehiago ados izatea– bete izana. Izan ere, 1789ko Iraultzak plantan jarritako banaketa administratibotik Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeak batuko lituzkeen erakundearen eskakizuna, beste molde batez bada ere, lehen aldiz gauzatuko da 2017tik goiti.

Bide luze eta gorabeheratsua izan dela jabetzen diren bezala, elkargo bakarraren apustua egin duten hautetsi eta gizarte eragileek egiaz bidea orain hasiko dela ohartzen dira. Hala, erakunde berria denen artean eraiki beharko denez, ahalik eta adostasun handiena erdiestea da beren nahi behinena. Horregatik dei egin diete maiatz bukaera artean beren erabakia hartu behar duten udal hautetsiei aldeko hautua egin dezaten.

Bidelagunak metatu

Jean-Rene Etchegaray Baionako auzapez eta Hautetsien Kontseiluko buruak, esaterako, bozkatzeko geratzen diren udalerrien deliberoekin aldekotasuna emendatuko dela espero du, era horretan «proiektua tinkatu ahal izateko». Desadostasunak «legitimotzat» jotzen dituen arren, erakunde berriaren eraikuntzan denak bidelagun izatera gomitatu ditu, «indar guztien beharra izango dugulako». Anita Lopepe EH Baiko bozeramailearen aburuz ere, «inportantea da kontsulta egin zeneko aldekotasunak berrestea eta areagotzea, era horretan argi geratuko delako, kontrainformazio eta presio guztien gainetik, gehiengo zabal batek egituraketa horren alde egiten duela».

Pako Arizmendi EAJren Ipar Buru Batzako presidenteak, berriz, «talde, elkar ulertze, anbizio eta pragmatismoaren euskal ohituran [...] kapitulu berri bat hasteko» garaia heldu dela uste du. Andre Garreta Merkataritza eta Industria Ganberako presidenteak «batasunaren» garrantzia nabarmendu du, «banatuta ez bezala, batuta Euskal Herriak bere pisua izango duelako». Elkargo bakarra begi onez ikusten ez duten hainbatek ere iritzia eman dute. Horien artean, Jean-Jacques Lasserre Paueko Kontseiluko presidenteak. Emaitzak ez du ezustean harrapatu, baina aurrez adierazi zuen bezala, «eszeptiko» izaten jarraitzen du, erakundek «zalantza asko» sortzen dizkiolako eta proiektua eraiki den moduekin ez datorrelako bat. Halere, «etorkizuneko politikak» martxan jartzeko prestutasuna azaldu du eta talkan dauden alde guztiak «jarrerak baretzera» deitu ditu.

54 udalerri bozkatzeke

Barthelemy Aguerre Lukuzeko auzapez eta Akitaniako kontseilariaren erreakzioa pipertuagoa izan da. «Demokrazia errespetatzen» duela baieztatu ostean, kontra direnek elkargoa «abian jartzea ekidin» ahal badute, egingo dutela esan du, helegitea jartzeko aukera baztertu gabe.

158 euskal herrietatik, 80 alde eta 24 kontra agertu dira momentuz. Beste 54 udalerrik ez dute oraindik bozkatu.