GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Ilunaren argia


Hara! Derrepentean izan da! Abisurik gabea! Non eta Nafarroan, zer eta eklipsea! Halako batean Epaiki Sistemaren planeta nano batzuk, eta menpeko hainbat satelite nano ere, lerroan ipini eta ilunpean utzi dute herrialdea, grabitazio-eremua eraldatu eta indar zentrifugoa biziberrituz. Hortaz, nanoteknokrazia! Hau kolpea! 24 orduz egunean gaua izango… udaberrian bertan. Eguzki bakarra hor, momentuz, Pirinioetako eguzki-lorea! Innobazioa gero! Bada hori, ilun. Hain da argia sarritan iluna! Hain da gardena! Itzela da herrialdea itzalean uztea.

Eta hau kolpea ere! Bardeatik Bortzirietara autobidean zein edozein izkinako lekutan irratia piztu eta hara! Ama Birjinaren izen bera duen katea lehena agertzen, nonahi! Izena eta izana.

Bada, eliza eta ehiza bat, aldi berean. Telebista baten txoria ehizatua izan da, iluna baliatuz, barruan zeraman birigarroa izan den bezalaxe. Biodibertsitatea bera ere mespretxatu. Ez hezkuntza, ez hizkuntza. Satelite nanoak nahiago. Generadoreak piztu dituzte herrialdearen hiriburuko autobus geltokietan, markesinako horma-irudiak argiroago ikusteko: inguruko 0-3 urteko ume batzuk ageri dira argazkitan, bilatze-atzitzean.

Eklipsearen albo kaltetzat har daiteke ere alboko herrialdeko hiriburuan egiteko zen kontsulta ilunpean utzi izana bera. Gorotzik ere uzten ez duten zezen transgenikoak pozez txoratzen egongo dira honezkero, banderilla-parea zeinek sartuko zain, irrikan. Ilunben iluna denez! Hautsak harrotu ditu erabakiak.

Handik gertu sortuko diren errautsekin nahastekoak. Zenbat eta errauts gehiago airean tenperatura gorago. Hotzean esanda, iluna eta beroa nagusi egun. Klimax politikoak aldatu behar du hori, egokitu barik; egoa bazter utzita, hegoak ehiztariek moztuak ez izateko. Zentripetu jokatuz.