2016 MAI. 13 Pariseko epaitegiak baldintzapeko askatasuna ukatu dio Jakes Esnali GARA BAIONA Pariseko Dei-auzitegiko zigorren aplikaziorako epaileak baldintzapeko askatasuna ukatu dio Jakes Esnal euskal presoari. Epailearen argudio nagusia izan da 26 urte preso daraman lapurtarrak ez zuela CNE egituraren balora ziotik pasatu izan nahi. Batzorde horrek ebaluzio psikiatrikoa egiten du, batez ere «pertsona arriskutsua den ala ez» baloratzeko. Esnalen abokatuek oraingoz ez dakite helegitea jarriko duten ala ez, presoarekin berarekin aztertu behar baitute, atzo egunkari honi adierazi ziotenez. Esnalek baldintzapeko askatasun-eskaera egiten duen lehen aldia da hau; izan ere, hemezortzi urte eman behar izan ditu preso, baldintzapeko askatasuna eskatzeko eskubidea izan arte, eta bederatzi urtez epe hori gainditu ondoren egin du eskaera lehenbizikoz. Auzia apirilaren 5ean aztertu zuen Pariseko epaitegiak, eta atzo eman zuen askatasun eskaeraren kontrako ebazpena. Mobilizazioak Apirilaren 2an 26 urte bete ziren Esnal, Frederique Haranburu Xistor, Ion Kepa Parot eta Unai Parot atxilotu zituztenetik. 60 eta 65 urte bitartean dituzte jada lau presoek –Esnalek 65 urte ditu dagoeneko–, baina oraindik zigor luzeak dituzte betetzeko: Estatu frantseseko espetxeetan dituzten Esnal, Haranburu eta Ion Kepa Parotek biziarteko espetxe zigorra dute, eta Unai Parotek, berriz, 40 urteko kondena Estatu espainolean. Lau preso hauen egoera salatzeko, hainbat mobilizazio izan dira azkenaldian, eta, besteren artean, Bagoaz kolektiboak deituta manifestazio jendetsua egin zuten Donibane Lohizunen apirilean.