GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Ustelkeriaren aurkako borrokan, zinismoa nagusi


Krisi ekonomikoa herritar xumeak gogor kolpatzen ari da mundu osoan zehar. Gainera, aberastasuna pilatzeko, dirua zuritzeko edota zergak ez ordaintzeko aberatsek erabiltzen duten trikimailu bat edo beste ateratzen da argitara egunero. Berri horiek herritarren haserrea eta egonezina areagotzen dute. Horren jakitun dira politikariak eta ustelkeriaren aurkako mezuak bikoiztu dituzte, beraiek duten erantzukizuna ezkutatzeko asmotan, batez ere.

Joera horren bi gertakari paradigmatiko izan genituen atzo. Brasilen Dilma Rousseff presidentea kargutik kentzeko prozedurari bide eman zion Parlamentuak. Harrigarria bada ere, ustelkeriaz akusatua dagoena ez da presidentea, parlamentarien gehiengo osoa baizik. Rousseff presidentea ez da bere karguaz baliatu dirua egiteko edo mesedeak partitzeko. Adierazle hobeak lortzeko, kontu publikoak itxuraldatu izana leporatzen diote; hots, irregulartasun administratiboa izan litekeena baliatzen ari dira presidentea postutik kentzeko. Brasilen politikari ustelak iruzurraren aurkako borroka erabiltzen ari dira hauteskundeetan lortu ez zutena lortzeko, eta, bide batez, euren lizunkeria ezkutatzeko. Modu berean jokatzen ari da Britainia Handiko lehen ministro David Cameron bere izena “Panamako paperetan” agertu ondoren. Alabaina, Cameronen ardura harago doa. Atzo Londresen ustelkeria eta paradisu fiskalen aurkako goi-bilera izan zela baliatuta, zenbait ekonomialarik Gobernu britainiarrak paradisu fiskalen joko-zelaian eta diru zuriketan duen erantzukizuna agerian utzi zuten. “Financial Times”-ek artikulu luze batean Gobernuaren jarrera zinikoa azaleratu zuen, ustelkeriaren aurka hitzez borrokatu bai, baina praktikan jardun horiek ez dituela oztopatzen esanda. Azken finean, galtzen dutenak beste batzuk dira, batez ere, pobretutako herrialdeak.

Ustelkeriaren aurkako lehendabiziko urratsa gardentasuna bermatzea da. Horretarako ez da baliabide asko behar. Borondate politikoa, besterik ez.