2016 MAI. 16 Doc Gynecoren zientzia Jon GARMENDIA Idazlea Ameriketako Estatu Batuetan mugimendu kultural berri bat sortuz, gizarteko talde marjinalak hasi ziren hip hopa lantzen soul eta funk tendentziak nahasi eta melodiak eraberrituz 70eko hamarkadan. Bronx, Harlem, Brooklyn edo Queens auzuneetan ohikoa bilakatu zen afroamerikar eta latinoamerikar taldeak lokarririk gabeko zapatekin eta arrastaka zeramatzaten galtza zabalekin jantzita ikustea, grafitiekin paretak margotzen zituzten eta breakdance dantzekin laguntzen zuten rap-a, DJ-ak, bafleak asfalto gainean... bizitzeko modu bat zen, sistema eta botereari aurre egiteko modu bat, injustiziak salatu eta nehori kalterik egin gabe norbere ekintzen arduradun izateko dei bat. Laster hedatu zen munduko bazter orotara, eta noski, baita Euskal Herrira ere, gaztelaniaz jarduten zuen talderik bazen ere, Wanka, Daddy Jeff, Molte, DZ eta Aritz Sound Systemek sortutako Selektah Kolektiboa izan zen euskaraz jardun zen lehena adibidez. Laster beteko dira hogei urte. Eta hogei urte dira Doc Gyneco rapeatzaile frantsesak bere “Première Consultation” lehen disko arrakastatsua argitaratu zuela, hargatik dabil haren karietara biran, eta berriki Biarritzetik pasatu da sarrera guztiak agortu ondoan, argi utziaz Euskal Herriko ipar-ekialdeko lur hauetan jarraitzaile andana duela. Clichyn sortutako artistak molde berri bat ekarri zuen hip hop mundura, letra irrigarriak, hutsalak, hitz-joko jolastiak, pop melodia... eta deigarria zen bere jarrera kameren aitzinean, pasota itxurarekin, errearen errez itsututa, eta irrazionalak ziruditen erantzunak emanaz. Hip hoparen beste ertz bat erakutsi zigun Doc Gynecok, ez behintzat errebeldiarena. Eta dena ederra zela ematen zuenean, diskoak milioika saldu ondoan, dirurik gabe eta langabeziaren zerrenda luzean zegoela jakin genuen. Frantziako presidente ohi Sarkozyren lagun bilakatzeaz gain, bere seme Pierrek ekoitzi zion “Peace Maker” diskoa 2008an. Eztabaida piztu zen bere hautu politikoarengatik, publikoa galdu zuela erraten da, kazetariek lurpean sartu zuten, baina hor dabil Doc, etiketak saihestu eta musika ez dela zientzia exaktu bat erakutsiaz.