GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Barrukoa kanpokoen esku


Hor ibili naiz azken orduetan, komunean burua bueltaka, gaurko zutabe horizontala zertaz bete duda-mudatan. Aukera bi izan ditut abiapuntuan, gaur zortzi egun direla izandako zer haren emaitzak, bata, eta uda hasierako ohiko eulien burrunba, bestea. Bai, badakit biak ez direla maila bereko gauzak. Bai, badakit politikarako eulienak askoz ere joko gehiago eskaintzen duela… Total, hemen nabil, teklatuaren aurrean, nondik sakatzen hasi zalantza batean. Pikutara bata eta bestea, ontziak eta euliak! Porra hartzera noa hari! Tourrarena, jakina. Eta brodatzera noa, ea aurten behingoz izenetan asmatzen dudan.

Inkesta bat agindu nuen lehengoan, nire zerrendako ziklistak hautatzeko. Behin emaitzak jasota, oraindik sukaldeko usain koipetsua zeriela, zera egin dut: emaitzotan aurrena ziren izenak bota, utikan! eta azken lekuetan geratuak horiexek hartu ditut buru nire GARAko apusturako, irabaztera noa eta! Portzierto, hauxe pasadizoa lehengoan bizi izan dudana. Iragan egun batez ostatu batean lagun batzuk ari ziren ezbai betean… albisteak zein iturritatik edaten zituzten, horixe zuten ezbai-gaia. Batek «ni GARA» zioen bitartean beste batzuek «gu NAIZ». Une horretantxe suertatu zen euskara ikasten dagoen neskatoa, euskaltegitik zetorrela, albotik pasatzea, eta hauxe bere aterabidea: «Euskaldunok ez gaude sano burutik!»

Osasunaz nabilela, kolpea gero lehengokoa! Ospitale berria inauguratu dute Bizkaian. Eta hortxe dabiltza, casting bat egin omen gura lehenengo pazienteak hautatzeko. Castinga ere egin ei dute barruko zerbitzu batzuk kanpoko eskuetan uzteko.

Nago ni, publikoaren auto-anorexiak beharko lukeela izan lehenengo gaixoa tratatua, beste ezer baino lehen. Poetak bota zuenez, gaixo egotea baino okerragoa baita mediku txarra izatea. Dzast! Agur eulia!