GARA Euskal Herriko egunkaria

Itsasadarraren hiru ikuspegi batu ditu «#Fusioa» erakusketak

Burdinolek Bilboko itsasadarrean utzitako arrastoei segika dator «#Fusioa», Antonio Aldama, Jose Abel eta Enrike Zubiak elkarlanean osatu duten erakusketa. Bilboko Itsasadarra Museoan, gaiari helduta eta teknika ezberdinak erabiliz egin dituzten lanak daude ikusgai.


Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak “#Fusioa” erakusketa izango du ikusgai datorren irailaren 18ra bitartean. Taldeko erakusketa bat da, “#Burdinkolorea” erakusketa eratu zuten Antonio Aldama, Jose Abel eta Enrike Zubia artisten lan hautatuekin osatua.

Erakusketa hirukoitzak izandako arrakastaz baliaturik, Bilboko museoak artista horien zenbait lan esanguratsu aukeratu ditu, Bilboko itsasadarra protagonista hartuta, “#Fusioa” izenburupean erakusketa berria osatzeko.

Museoko arduradunek gogorarazi dutenaren arabera, «burdinak eta bere eraldaketak tximiniaz, suz, ontziz eta garabiz bete zuten Bilboko itsasadarra, industria eta itsas jarduera frenetiko batean murgilduta, itsasadarra izaera kementsu eta erakargarri batekin hornituz». Eta, hain zuzen ere, ezaugarri horiek izan dira hiru artistek euren obrak osatzeko inspirazio iturri izan dituztenak.

Autore bakoitzak, ordea, bere erara interpretatu ditu aipatu elementuak, teknika desberdinak erabiliz. Hala, erakusketan, gai beraren aurrean egonda ere, artista bakoitzak egin duen lana agerian utzi nahi izan dute eta berezitasun horiek nabarmentze aldera hautatu dute erakusketaren izenburua ere: «Fusioak ez dio burdinaren eraldaketa prozesuari bakarrik erantzuten, baita artista desberdinen bateratzeari ere erakusketa bakar batean».

Zentzumenen erabilera

Formatu desberdineko 21 artelanek osatzen dute erakusketa. Aurrekoen antzera, “#Fusioa” erakusketak ere artelanetan murgiltzeko aukera eskaintzen du, «eurek sortutako giroan barneratuz, ez bakarrik ikusmenarekin, baita usaimen, ukimen eta entzumenarekin ere. Erakusketa esperientzia oso bat bihurtzen da, magiaz beteriko itsasadar erakargarri bat eskainiz», adierazi dute.

Sortzaile bakoitzak bere atala du erakusketan. Antonio Aldamak “Metalezko argia” deitu dio bere zatiari eta, haren bidez, argiaren garrantzia aldarrikatu nahi du, itsasadarreko industrian erabilitako metalaren islari omenaldia eginez. Jose Abelek, pintzela une batez alboratu eta soldagailua baliatu du “Sua itsasadarrean” osatzeko, hala itsasadarraren testura bereziak lortuz. Atmosferako kea eta industriaren sua izan dira bere artelanen protagonistak.

Bestalde, Enrike Zubiak, “Ur eta lur” deitu duen zatiaren bidez, arrantzaleak, neskatilak eta arrantza mundua bildu ditu, «gure izaeraren itsas oinordetza agerian jarriaz».