2016 ABU. 21 ZORROZTARRIA Harira etorri Julen Murgoitio Urrezko dominak paparrean, kontinente batean; urrearen izenean doluminak bizkarrean, beste batean. Berdin zilarrean. Berdin brontzean. Jakin-mina sortzen dit metalen ibilbide ezkutuak, non-nork erauziak izan, non-nork landuak, eta, azkenean, meategitik urrun, non-nork gorputzean erakusgai, balizko edergarri. Nonbait, harri-aroa izan zen noizbait. Eta burdin aroa ere. Eta brontze aroa… unean une eskura zeukatenaren araberako aroak, antza. Behiek belar aroan segitzen dute, han-hemenka, larreak ondare. Eta gure beheko Estatu antzeko horretan, kasurako, boto-aroan segi ere, eskura besterik ez eta. Petrolio aroa amaitu gabe dagoela koltan aroan gara sartuak. Gaurko teknologia ustez handiko eskuko trasteetan hain da ezinbestekoa, koltana, non gaurko gerra santuek garapen jasangarriaren itxura hartzen duten, progresoaren izenean. Eta hau kolpea, gero! Zenbat eta zabalago izan hari gabeko komunikazio sistemak, gero eta eskurago dute urrunetik gure gaineko kontrola hariak mugitzen dituztenek. Haririk gabe ere, sareak mendean. Hortaz, txotxongilo aroa ere gurea. Benetan, denbora batez harri arora bueltatzea nahi nuke, batzuei errotarrizko dominak lepoan ipini eta han-hemengo grabitateak bere lana libreki bete dezan uzteko. Konturatuko zinen dagoeneko harriak estimatzen ditudala, ondare hartzen baititut; ez naiz, bada, Zorroztarria! Haririk gabeko teknologia izan daiteke, seguruenik, baina harririk gabekorik ez, ezin. Harriek gordetzen baitute, azal edo sakon, hari beharrik ez duten horiek behar duten beste guztia. Hari beharrik ez dutela? Seguru hortzetako haria erabiltzen dutela, ezkutuan bada ere, txantxarrak lasaitzeko. Herriek harriak behar dituzte, ez badute gizartea airean eraiki nahi. Tira, harrira! Banoa sudoku bat norvegieraz egitera, kanpaina hasi aurretik.