2016 AZA. 21 APUSTUA Bikoteak eraman du ahaztuko ez den neurketa bikaina Bi ordu pasako lan handiaren ostean, auzia 21 segundo eskasek erabaki dute. Jon LEUNDA Kañamares III.ak eta Jauregik irabazi zuten atzo Tolosan Arria V.aren aurka jokatu zuten apustua. Hori bai, bi ordu pasako lanean, 21 segundoko tartea besterik ez zen egon. 1.300 ikusle batu ziren neurketa zuzenean ikusteko asmoarekin. Apustu bikain bat ikustea zuten helburu, eta bizitakoa latza izan zen azkenean: azken-azkeneko unera bitartean ez zen ezer erabaki. Arriak 20 kana-erdiko ebaki behar zituen, eta ondoren 20 kilometro korrikan egin. Bikotearen artean aurrena batek 10 kana-erdiko ebaki behar zituen, eta ondoren besteak 10 kana-erdiko ebaki eta 10 kilometro korrikan egin. Falta ziren hamar kilometroak, berriz, aurrena aizkoran aritu zenak egin behar zituen. Alde bakoitzak 8.000 euro jartzen zituen dirutan, eta enborrak Arriak eraman zituen. Azkenean Julen Kañamares izan zen lanari Arriarekin batera ekin ziona. Errezildarrak Iruntxiberri eta Txapartegi izan zituen laguntzaile eta Nazabal eta Zubiaga, berriz, bikoteak. Aizkoran Arria V.ak berehala ekin zion aldea kentzeari, eta aise jardun zuen. Kañamares III.a saiatu zen, baina apurka-apurka errezildarra tartea zulatzen joan zen. Batez ere aldea bosgarren enborretik aurrera egon zen, Aroztegiko kirolariak behera egin baitzuen eta gipuzkoarrak berean jarraitu baitzuen. Horrela, hamar kana-erdiko ebaki eta Kañamaresek bere lana amaitu zuenean, Arriak ia hiru minutuko tartea kentzen zion, enbor eta erdi pasa. Bigarren zatia egitera Jauregi sartu zen, eta Ilarduiakoak lan ona egin zuen. Hasiera-hasieratik jo zuen, aldea laburtzeko asmoarekin, eta lortu ere egin zuen. Arriak beti agintari jarraitzen zuen, baina tartea laburtu egin zen. Aizkorako lanaren ostean, minutu eta 59 segundoko tartea zuen alde Arriak. Jauregik aizkorako lanak amaitu eta korrikan hasterako, 450 metro eginak zituen errezildarrak. Hasi ongi egin zen Jauregi, baina gero sekulako betekada izan zuen arabarrak, eta ezin izan zuen alderik laburtu. Baina, Arriari nekearen aztarnak sumatzen hasi zitzaizkion bitartean, Jauregik gora egin zuen, eta korrikako lehen zatian 18 segundora jaitsi zen Arriaren aldea. Kañamaresek indartsu ekin zion bere txandari, eta laster gainditu zuen Arria, aurka zuen aldea irauli eta auzia bere alde jarriz. Orduan Arriaren parean jarri zen, eta horrela joan ziren ia azkeneko bost kilometroetan. Dena erabakita zirudien, baina Arriak geratzen zitzaion apurra atera egin zuen, eta Kañamares jota geratu zen. Gauzak ikaragarri estutu ziren, baina bikoteak eraman zuen garaipena. Horrelako lan luze baten ostean, 50 metroko tartea besterik ez zen egon, 21 segundo. Enborrez enbor eta kilometroz kilometro hauek izan ziren bikotearen denborak: 1.34; 3.34; 4.45; 7.50; 10.08; 12.44; 15.15; 17.54; 20.29; 23.07; 24.55; 26.59; 29.14; 31.29; 33.42; 36.16; 38.32; 41.11; 43.33; 45.57; 49.57; 54.19, 58.22, 1.02.29; 1.06.32; 1.10.37; 1.14.43; 1.18.56; 1.23.06; 1.27.06; 1.31.02; 1.35.11; 1.39.35; 1.44.10; 1.48.45; 1.53.24; 1.59.09; 2.02.56; 2.07.46 eta 2.12.33. Arria V.aren denborak, berriz, honako hauek izan ziren: 1.25; 3.27, 5.33; 7.37; 9.56; 12.00; 13.50; 16.07; 18.16; 20.18; 22.44; 24.49; 27.10; 29.34; 31.54; 34.18; 36.48; 39.08; 41.52; 43.56; 48.23; 52.30; 56.30; 1.00.02; 1.05.05; 1.09.25; 1.13.43; 1.18.03; 1.22.25; 1.26.48; 1.31.46; 1.35.43; 1.40.15; 1.44.50; 1.49.27; 1.54.07; 1.58.52; 2.03.46; 2.08.20 eta 2.12.54. Kañamaresek amaiera aldera beherakada handia izan zuela onartu zuen «Korrikan gustura ari nintzen, gordeta ere baneukan, baina bat-batean nahasten hasi naiz, eta erabat behera egin dut. Berak apur bat jo du, eta ezin izan diot jarraitu. Hala ere garaipena lortu dugu», esan zuen Julen Kañamaresek. «Aizkoran ez dut nahi bezala gozatu. Korrikan hasterako garaian gauza asko egin nahi nituen batera, eta hor nahastu egin naiz. Azkarregi ekin diot lanari, eta gero nabaritu egin dut», esan zuen Jauregik. J.L. JENDETZA TOLOSAN