2016 ABEN. 03 Nafarroan euskaraz ikastearen garrantzia nabarmendu dute Nafarroan euskaraz ikasteak garrantzi handia duela nabarmendu dute alor honetan aritzen diren zenbait eragilek, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan egin zuten agerraldian. Azken eguneraketa: 2016 ABEN. 03 - 08:26h GARA IRUÑEA Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan egindako agerraldian, Nafarroan euskarazko hezkuntzan aritzen diren zenbait eragilek euskaraz eskaintzen den irakaskuntzaren garrantzia nabarmendu zuten. «Pertsona elebidunak prestatzen ditugunean, etorkizuneko lurralde justuagoa bultzatzen ari gara, horrela nafar guztien hizkuntza eskubideak bermatzen joango direla ziurtatzen delako. Euskaraz ikastea hizkuntza bat ikastea baino gehiago da; munduko hizkuntza eta kultura aniztasunaren aurrean jarrera positiboa eta errespetuzkoa bultzatzen du. Hizkuntza zaintzea lagungarria da, zalantzarik gabe, herrien arteko elkarrizketa eta bakea ahalbidetzeko. Horretaz gain, pertsona horiei aukera gehiago ematen diegu euren etorkizuneko lan arrakasta lortzeko, bi hizkuntza menperatzeak lanpostu gehiagotarako atea irekitzen dielako», adierazi zuten NIZE, Euskarabidea, Topagunea, Sortzen, NIE eta Kontseiluko ordezkariek. «Gure ereduak gainera eskarmentu handiko ibilbidea du. Horrek eskaintzen dugun hezkuntza urteek emandako esperientzian oinarritua dagoela ziurtatzen du eta denbora horretan guztian zehar egin izan diren barne eta kanpo probetan emaitza onak lortu ditu», gaineratu zuten manifestuaren sinatzaileek. EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA Euskarazko hezkuntzaz arduratzen diren eragileen agerraldia Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan egin zuten, Iruñeko eskola batean. Aurten, Nafarroako Gobernuak ere ospatuko du, lehen aldiz.