2016 ABEN. 06 Parekidetasunera bidean ardura hartzeko deia egin diote Euskal Elkargoari Emakumeei lotutako arazoak gai eta politika guztietan txertatzeko premia nabarmenduta, talde feministek egiazko parekotasuna lortzea xede lukeen erakunde berezia sortzea exijitu dute. Arantxa MANTEROLA BAIONA Urte hasieran Iparraldean abiatuko den Euskal Elkargo berriak emazteekin loturiko arazoei aurre egitea «eginkizun saihetsezina» duela esanda, bere eskumen eta politika publiko guztietan gai transbertsal bilakatzea eskatu zuten, atzo, Baionan, Emazteek Diote, Planning Familial, PAF eta Bortizkeria Sexisten kontrako Kolektibo Feministak. Egiazko parekotasunera bidean, erakunde berriak berebiziko zeregina duela nabarmendu ostean, gaiari heltzera dei egin diete hautetsiei. Hala, hasteko, bere egituretan emakume hautetsien presentzia bermatzea exijitu zioten. Auzapez eta zinegotzi emakume aski ezean, 233 ordezkari izango dituen Biltzarrean proportzio berean izatea teknikoki posible izango ez den arren, bai 60 ordezkariko batzorde iraunkorrean, bai 20 inguru izango dituen exekutiboan, erdiak emakumeak izatea eskatu dute. Halaber, EAEko Emakunde edota Nantesen sortutako gizon-emakumeen arteko berdintasunerako kontseilua adibide hartuta, Ipar Euskal Herrian ere egitura berezia sortzea eskatu diete hautetsiei ez ezik, gizarte eragile guztiei, «parekotasuna guztion arazoa baita». EMAKUME ASKI EZParekidetasun legea gorabehera, udaletan emakumezko hautetsien kopurua gizonena baino askoz apalagoa da. Esaterako, 158 auzapezen artean 15 emakumezko soilik daude.