2017 URT. 27 Leioako Kultur Maratila, euskal sorkuntzaren erakusleiho Otsailaren 1etik 5era euskal sorkuntzaren erakusleiho izango da Leioako Kultur Maratila zikloa. Aurtengoan diziplina desberdinetako proposamenak bateratuko ditu bere egitarauan, erakusketa, antzerkia, dantza eta musika bide berean jarrita. Azken eguneraketa: 2017 URT. 27 - 06:49h GARA LEIOA Seigarren urtez, Leioako Udalak, Artedramaren laguntzarekin, Kultur Maratila zikloa antolatu du. Bost eguneko iraupena izango du aurtengoak, otsailaren 1etik 5era gauzatuko baita, eta bertan sei ikuskizun eskainiko dituzte kultur diziplina desberdinei bide emanez. Bi antzerki proposamen, hiru musika kontzertu (horietariko bat erakusketa baten aurkezpenarekin batera) eta dantza ikuskizun bat txertatu dituzte egitarauan. Aurtengo edizioaren aurrekontua 30.000 eurokoa izan dela azaldu dute antolatzaileek, «betiere euskal sorkuntza bultzatu nahian eta honek ere islada izan dezan Leioako herri eta herritarrengan, euskararen erabileraren aldeko urratsak emanez». Sei ekitaldi Lehenengo egunean, otsailaren 1ean, Udane Juaristiren erakusketa inauguratuko da, eta Amorantek musikatua izango da ekitaldia. Hitzordua, erakusketa gelan, arratsaldeko 20.00etan, gonbidapenarekin. Hilaren 2an “Atte hil aurretik” antzezlana taularatuko du Beheko Larraine konpainiak Auditoriumean, 20.30ean. Biharamunean Ertza dantza taldearen txanda izango da eta “Hariak” ikuskizunarekin joango da Leioara (20.30, Auditoriumean). Otsailaren 4rako hitzordu bikoitza: ATX Teatroaren “Fakiu” obra (20.30, Auditoriumean) eta Unai Elorriaga eta Giberlurdinek taldeak elkarlanean osatutako “Shane Mcgowanen gibela” ikuskizun musikatua (22.00, Auditoriumean). Leioako Kultur Maratila otsailaren 5ean itxiko du Ruper Ordorikak zuzeneko kontzertu batekin (19.00, Auditoriumean). Ekitaldien salneurria 3 eta 10 euro bitartekoa izango da eta lehenengo eguneko emanaldia dohainik izango da. Ziklo osoa ikusi nahi duenak 30 euroko bonua erosteko aukera izango du Kultur Leioako txarteldegian, Kultur Maratila Kit bat opari jasoko duelarik. Antolatzaileen iritziz, «Kultur Maratila ziklo honi jarraipena eman nahian, leku ezin hobea da euskararen eta kulturaren inguruan publikoa, hedabideak, profesionalak, etab. elkartzeko eta bertan parte hartzeko. Kultur Maratila honekiko apustuak zerbait berezia sortzeko helburua du, programazio ausart batekin eta diziplina anitzetatik datozen ikuskizunak programatuz, betiere euskara eta euskal sorkuntza irizpide dituelarik», nabarmendu zuten atzo Leioan egindako aurkezpenean bertako alkate Mari Carmen Urbietak, Artedramako zuzendari artistiko Ander Lipusek, Fredi Paiak eta ATX konpainiako kide den Iñaki Ziarrustak.