2017 URT. 27 Soldatak berdindu eta berrantolatzea, Gipuzkoako zahar etxeetarako eskaera Gipuzkoako adinekoen egoitzetarako negoziazio mahaia osatu berri, LABek bere plataforma aurkeztu du, bi proposamen zehatzekin: sektoreko langile guztien soldatak berdintzea eta antolaketa berrikusi eta aldatzeko mahai tekniko bat sortzea, langileen partaidetzarekin. GARA DONOSTIA Negoziazio mahaia osatu berri da, lau patronalekin, Gipuzkoako adinekoen egoitzetarako hitzarmen kolektiborako. Atzo amaitu zen plataformak aurkezteko epea eta LABek ere plazaratu zuen berea. Xede eta proposamen zehatzak azaldu zituen, sektorearen «errealitate gordinari» erantzun nahi diotenak. Sindikatu abertzalearen ustez, «pertsonok ezinbestekoak ditugun zerbitzu publikoak esku pribatuetan» jartzen dira. Eta erabiltzaileei kalitatezko zerbitzua ematearen edo langileen lan baldintza duinen gainetik «ikuspegi ekonomizista hutsa» jarri da azken urteotan. Hala, «zerbitzu enpresa handiek poltsikoratzen dute biztanleok zergekin ordaintzen dugun dirua». Batez ere emakumezkoak diren langileen soldata eta baldintzetan «prekaritatea» da nagusi. Egoera makur honetan «mugarri berriak» ezartzea da LABen erronka, zaharren arreta zerbitzua publikoa eta unibertsala izateko, baita hau aurrera ateratzen duten milaka emakumeen lanaren balioa aitortu eta soldatak lanaren araberakoak izateko ere. 2019a bukatzerakoan jabetza publikoko egoitza guztiak Kabia enpresa publikoan integratuta egonen direnez, prozesu hori baliatzea proposatu zuen sindikatuak, bi gauza egiteko zehazki: sektoreko langile guztien soldatak berdintzeko eta antolaketa berrikusi eta aldatzeko mahai tekniko bat sortzeko, aldebikoa, langileen partaidetzarekin. Foru Aldundiari arduraz jokatzeko eskatu zion.