2017 OTS. 12 «Paisaia soinudunak» proiektua Kondestablen Haurtzaroaren eta soinuen inguruko «Paisaia soinudunak» egitasmoak dokumentalak, topaketak eta erakusketa bat dakartza Iruñeko Kondestable jauregira. GARA IRUÑEA Otsailaren 9an abiatu eta hilaren 25era arte, “Paisaia soinudunak” proiektuaren barruan erakusketa bat egongo da ikusgai Kondestable jauregian, eta harekin batera, dokumentalak, mahai inguru bat, lantegiak eta soinu-esperientziak eskainiko dira. Soinuek eta musikak haur eskoletan eskaintzen dituzten aukeretan sakontzeko nahia agertzen dute, horra “Paisaia soinudunak” proiektuaren abiapuntua. Egitasmoaren bitartez ikertu, hausnartu eta proposamenak egin nahi dira, 0-3 urte bitarteko haurren soinu –eta musika– mundua aberasten duten paisaiak sortzeko. Egitasmoa hezkuntza ikuspegi eta metodo jakin bati egokitzen zaio, non haurrek beren kulturatik abiatuta gaitasuna duten munduari zentzua emateko. Horregatik, entzuteko modu jakin hori da ikerketaren abiapuntua, zeinak ez baitu asmo haurrei musika irakastea, baizik eta konprenitzea nola ulertzen duten haurrek mundua, paisaia eta aukera instrumental eta adierazkorrak eskaintzea beren soinu imajinarioa osatze aldera. Era berean, hausnartu egin nahi du sonoritate konplexuak sortzeko moduaren gainean. Ikerketa hori Iruñeko Udaleko Printzearen Harresia eta San Pol del Marreko (Bartzelona) Pi del Soldat haur eskoletan egiten ari da. Arrastoak Programaren erakusketa otsailaren 9tik 25era ikusi ahal izango da Kondestableko jauregiko ezkaratzean –astelehenetik larunbatera, 09.00etik 14.00etara eta 17.00etik 21.00etara–. Erakusketa zabalik egon artean Antonio Eslavak egindako zazpi “Arrasto” izango dira bertan, zeintzuetan elkarrizketa gisara islatu dituen haurrek soinu esperientzian sortutako soinuak. Lan horiek sei musika kategoria aintzat hartuz egin dira: isiltasuna, keinu soinudunak, atenporalitatea, espektro arkaikoak, alegiazko hizkuntzak eta soinu laborategia. “Arrastoen” ondoan pantaila bat eta aulkiak jarri dira “Paisaia soinudunak” dokumentala ikusi ahal izateko. Etengabe proiektatzen da, eta proiektuaren esperientziak eta ondorioak jaso dira 35 minutuko iraupena duen lanean. Halaber, sei ordenagailu paratu dituzte ezkaratzean, bakoitza Eslavaren koadro baten azpian, non zazpi “Arrastoen” sorkuntza prozesu osoa ikusi ahal den. Dokumentalek 20 eta 75 minutu arteko iraupena dute eta eratze prozesua dute ardatz.