2017 OTS. 23 Andreari Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Andrearekin hitz egiteak hankaz gora jarri ditu lerrook. Espazio publikoa okupatzeko eskubideaz aritzeko asmoa nuen, ez ikuspuntu legaletik, jendartean ontzat ematen diren eskubide horren ezberdintasunen inguruan baizik. Eskubide eta askatasun bera beharko luketelako Gasteizen asteburuan bildutako milaka saskibaloi zaleek zein Tolosako inauteriez gozatzera irtendako neska gazte batek. Honen harira, Bilbin orain zenbait egun jazotakoaren berri jasotzeko deitu diot Pikarako zuzendariordeari, kalean lasai zeudela Ertzaintzarekin arazo bat izan zuten gazteekin gertatutakoaz galdetzeko. Kontatutakoak buelta eman dio artikuluari. Gazteengana modu txarrez joandako uniformedunengana azalpen eske hurbildu eta borra-kolpe bat jaso zuen Andreak, inolako azalpenik gabe. Okerrena baina etortzear zen eta, gertatutakoa Twitter bidez kontatzen hasi bezain pronto, irainak eta mehatxuak jasotzen hasi zen, kalea ez ezik sare sozialak erabiltzeko beharko lukeen askatasuna erabat urratuz. Andreari indarra bidaltzeko tarte bihurtu nahi izan dut espazio hau. Bere ahots urratuak amorrua eragin didalako; ezagutzen dugun Andreak irribarre pikaroa sortzen diguten bideoak egiten dituelako; maite dugun Andreak ahalduntzen gaituzten artikuluak idazten dituelako. Harro sentiarazten gaituen Andreak injustiziei aurre egiten jarrai dezan, to indar apur bat hemendik.