2017 MAR. 19 BERDINTASUNA HEZKUNTZAN: EZBERDIN IZATEKO ESKUBIDE BERA SOLASALDIA MOTZ GELDITU ZEN ATZO, BERTAN ESANDAKO GUZTIAK AZALTZEKO ORRIALDE HAU MOTZ GERATZEN DEN BEZALA. EUSKAL HEZKUNTZA SISTEMA PROPIO BATEN ALDEKO APUSTU SENDOA EGIN ZUTEN ADITUEK, LAB IRAKASKUNTZAK ANTOLATUTAKO JARDUNALDIAN. HASTEKO, EBALUAZIOA ERROTIK ALDATU BEHARRA DAGOELA ALDARRIKATU ZUTEN. Nagore BELASTEGI Ebaluazio sistemari buruz eta, oro har, euskal hezkuntzari buruz jardun ziren atzo, Hernaniko Orona Ideo eraikinean egindako jardunaldi batean. Gauza asko zeuden esateko, asko partekatzeko, ideia desberdin ugari, baina denak norabide berean. Topaketak euskal eskoletan gertatzen ari denari tenperatura hartzeko balio izan zuen. Bi orduko saioan, Lore Erriondo, Ane Ablanedo eta Alexander Barandiaran hezkuntzan adituak mintzatu ziren. «Uste dut ebaluazioa ikuspuntu okerretik abiatzen dela. Pertsonaren garapen kognitiboa ebaluatzen da eta ez besterik. Sistema kapitalista honetan ebaluazioa ondo eginda dago; sailkatu egiten ditu pertsonak eta sistemarentzat onak direnak saritzen ditu», aipatu zuen Barandiaranek. Erriondok xaxatzea gustatzen zaiola onartu ostean, aurrekoak esandakoaren kontra egin zuen. Izan ere, honen ustez, sistemaren barrutik ere gauza onak egin daitezke. «Hemen bilduta gauden asko gauzak aldatzen ari gara. Iruten-iruten egiten da ehuna, eta ehuna erreala da. Herri honek eman dituen pausoak sistemaren gainetik daude, baina sisteman gaudelarik», bota zuen. Egungo sistemak euskal gizarteari mesederik egiten ez diola onartu zuten hirurek. Izan ere, sistema propio bat eratzearen alde agertu ziren. Era berean, haurrek beren gaitasunak garatzearen aldeko apustua egin zuten. Zentzu horretan, Erriondok esan zuen berdintasuna babesten duela, baina ez uniformea eskatzen duen berdintasuna, baizik eta «bakoitzak diferente izateko eskubide bera izatea». Eta horretarako kalifikazioak, notak alegia, alde batera utzi behar direla baieztatu zuten hirurek. «Ezin da inor behartu zerbait ikastera. Behartu dezakezu norbait irakurtzera eta ondoren azterketa egin, eta gainditzen badu agian ikasiko du edo ez», defendatu zuen Ablanedok. Berak ezabatuko lukeen beste gauza bat curriculuma da. «Denok ez dugu berbera ikasi behar: komunitate batean bizitzeko jakin beharrekoak berez ikasiko ditu haurrak, eta horretarako ez dugu curriculumik behar», adierazi zuen. Hari horri helduz, Erriondok aipatu zuen gizakiok eskolara joan baino askoz lehenago hasten garela ikasten. «Etengabe ikasten dugu, hil arte. Irakasle bezala gure helmuga zein den erabaki behar dugu», esan zuen. Hala, hezkuntzaren helburu horien artean nolako pertsonak hezi nahi dituzten adostu behar dela aipatu zuen. Barandiaran, ordea, ez zen horrekin ados agertu: «Aurrean dugun pertsona ez ikusteko arriskua dago, nahi ez dugun bezalakoa bada berbideratzen saiatuko garelako. 18 urte dituenean pertsona izan behar da honelakoa, eta ez bada zer egiten dugu?», galdetu zuen. Erriondok orduan aurretik esandakoa zehaztu zuen: «Ezin al dugu esan pertsona libreak, sortzaileak, solidarioak nahi ditugula?». Azkenean, hiru adituak ondorio argi batean bat agertu ziren: Helburua haurrek jakin-mina eta bizipoza izatea da, eskolan zoriontsuak izateko. Denok ez dugu berbera ikasi behar: komunitate batean bizitzeko jakin beharrekoak berez ikasiko ditu haurrak