2017 MAR. 26 Xabier Soubelet Iruñeko Ziudadelan Xabier Soubeleten «Abstrootism» erakusketa Iruñeko Ziudadelako Mistoen eraikineko beheko solairuan zabalik dago maiatzaren 7ra bitarte. Kolore ugaritako lan abstraktu espresionistak dira ikusgai. GARA IRUÑEA Baztanen bizi den artistaren lanak dira Ziudadelako Mistoen eraikineko beheko solairuan ikusgai dauden lanak. Obra horiek ezaugarri nagusitzat dituzte egileak erabilitako kolore ugariak eta joera abstraktuko kutsu espresionista. «Abstraktu-figuratibo» gisa definitzen ditu Soubeletek berak, «non detaile xume batek eraman ahal gaituen abstraktu hutsetik koadroa ulertzera», adierazi du. Elementu txiki batek, adibidez, orban zuri batek urrunean dagoen borda bat irudika dezakeela esan du argitze aldera. Erakusketa asteartetik ostiralera dago zabalik, 18.00etatik 20.30era, larunbatetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30era, eta igandeetan, 12.00etatik 14.00etara. Ziudadelako erakusketa honek poliki islatzen du lehen erakusketa 1975ean egin zuen artista baten lana, zeinari buruz hauxe jasotzen den katalogoan: «T haren obra bilakatuz joan da denboraren joanean, seguruenik, artistak berak bere jardunean konfiantza eta segurtasuna irabaztearekin batera. Bilakaera hori bikoitza da: batetik, Xabierrek gero eta sormen-autonomia handiagoa lortu du, eta horrela paisaien ereduetatik guztiz aske ia abstrakzio erabatekora hurbildu da, eta, bestetik, areagotu egin ditu adierazpen-irrikak, halako moduz non hori ere lagungarri izan baitzaio ereduetatik askatzeko. Horri esker, artistaren lana forma eta kolore festa da inondik inora». Berez, estilo inpresionistako bere lehen lanek postinpresionismoari bide emango diote, Cezannek markatutako inpresionismotik fauvismo koloretsura. Cezannekin batera, Van Gogh, Matisse, Derain, De kooning, Soluages, Tapies, Scheinder, Poliakoff, Van Velde eta De Stael ditu margolari erreferentzial gisa. Soubeleten koadroetan mantendu diren konstanteak dira irudien izaera eraikitzailea –horri esker bere lanek ez dute inoiz guztiz galtzen nolabaiteko doitasuna– eta naturaren erreferentziaren oinarrien aniztasun kromatiko biziari esker fantasia eta irudimen festa egiazko bilakatzen ditu bere koadroak, askatasun, maitasun eta neurrizko kantua eginez. Hori guztia Bidasoko tokiko pinturaren erreferentzia kontuan hartzeari utzi gabe. «Gure lurraldeko korronte estetiko garaikide iraunkorrena», azpimarratu du sortzaileak. Hala, Mistoen eraikinean ikus daitekeen obran bildu ditu bere ingurua, iraganeko arte mugimendu historikoak, bertako oinordetza piktorikoa eta ama eta familia lurraren behinolako euskal sustraiak.