2017 API. 05 Kasten azpi-mailan Himalaian egin du Goran Paskaljevic zuzendari serbiarrak bere lanik berriena, «Land of the Gods», atzo Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztua. Indian egindako egonaldi luze baten ondorio da filma eta aurreiritzi eta desberdintasunez gainezka dagoen mundu baten isla dakar berarekin. Kastatan mailakatutako gizarte iltzatua eta emakumeen egoera lazgarria tokian tokiko biztanleen egunerokoarekin bat jarri du, aitzakiarik gabeko gogortasunez. Azken eguneraketa: 2017 API. 05 - 06:38h Ariane KAMIO DONOSTIA «Nire filmik intimoena da, pertsonalena». Goran Paskaljevic (Belgrado, 1947) ibilbide oparoko zuzendaria da, 30 bat dokumental eta 15 fikziozko lan egin ditu eta bizi den munduaren errealitateari hertsiki lotuta dago. Gerra, immigrazioa, xenofobia... hainbat gai izan ditu mintzagai bere lanetan. Eta azken sorkuntzan bide berriak urratu ditu, nahiz filosofia berberari eutsi dion. Kasuan, Indian loratu zen “The land of Gods”. «Rabindranath Tagore poeta eta filosofo handiaren miresle naizenez gero, ia urte eta erdiz egin nituen egonaldi luzeak Indian, batez ere Uttarakhand (‘Iparraldea’) estatuan, Dev Bhoomi (‘Jainkoen Lurra’) izenez ere ezaguna, Himalaiako mendietan», dio zuzendariak. Victor Banerjee aspaldidanik bertan bizi den Bengalako aktorea –eta filmeko protagonista– eta Purohit irakaslea –eskualde horretan espezializatutako aditua– bidaide izan zituen Paskaljevicek gidoia idatzi eta lana grabatzerako orduan. «Bertako biztanleak izugarri adeitsuak dira eta duintasun handia dute, oso pobreak izan arren eta bizi diren kasta sistema zuzentzen duten aurreiritzien eta arauen pisu zapaltzailea jasan ohi duten arren. Hala, gure planeta liluragarriaren bazter hori film luze batean ezagutzera emateko beharra sentitu nuen», azaldu du. Luzaroan Europan erbesteratuta egon ondoren, Rahul –Victor Banerjee– bere jaioterrira itzuli da, Himalaiara. Izugarrizko zirrara eragingo du bere iritsierak komunitatean, bertan ez baitituzte ez ahaztu ezta barkatu ere, antza, iraganean egin zituenak. Rahulek aurre egin behar izango dio aurreiritziz eta desberdintasunez jositako mundu bati, kasta sistema bidegabeko batean oinarritutako munduari, non emakumeek ez duten euren etorkizuna erabakitzeko eskubiderik. “Land of the Gods” egitura dramatiko sinpleko filma da, kanpoko efektu handirik gabea, «poema intimo bat», egilearen arabera. Rahul itsu geratzen ari den gizonezkoa da, eta Himalaiara jaioterria azkenengo aldiz bere begiekin ikustera itzuli da. Iraganari aurre egin beharko dio, baina, berrogei urteren buruan, bertako gizarteak bere horretan jarraitzen duela ikusiko du, tradizioari erabat atxikita. Naturaltasuna darion kontakizunaren hari narratiboa emakumeen bizimodua izango da, eta tartean sartzen ditu Paskaljevicek adostutako ezkontzak edo emakumeen egunerokoa. «16-17 urterekin ezkontzera behartzen dituzte neskatoak; ordura arte eskolara joaten dira gehienak. Heziak daude dagoeneko, baina haien bizitza erabat aldatzen da. Ezkondu, behiak zaindu, eguna lanean igaro eta esklabo bizitza izatera behartzen dituzte», aipatu du zuzendariak Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Gazte askok bere buruaz beste egin izan dute ezkondu ondoren, eta horren hariari tiraka hasi zen Paskaljevic. «Ezkontzen direnean herriz aldatzen dira. Agian hamabost kilometrora dagoen leku batera joaten dira, eta, nahiz eta berez distantzia laburra den, askok sekula ez dituzte haien senideak berriz ere ikusten». «Film honetan aktoreei jarraitzen dien kameraren mugimendu neurritsuetan oinarritutako hizkuntza zinematikoa erabiltzea aukeratu nuen, baina, aldi berean, haiei ahalik eta espazio handiena emanez, haien antzezpenari jarraikortasuna emateko: egia eta indarra, baina baita emozio eutsia ere», gaineratu du. PLATAFORMATAN «Land of the Gods» filma erosteko eskaintza jaso du Paskaljevicek Netflix eta Amazon plataforma digitaletatik. Haien bidez, mundu osoan milioika lagunek ikusi ahal izango dutela dio.