GARA Euskal Herriko egunkaria

Balio erantsiak

Bere lehenengo poema liburua bizitzaren balio erantsietatik elikatu du Martxel Mariskalek. Itsasoarekiko erreferentziak eta oinazeak idazketa prozesuan izan duten pisuak eremu pertsonalera eraman du nahitaez «Azken zakatzak», arnas luzeko poesia bilduma.


Hainbat musika talderen letrak egin izan ditu Martxel Mariskalek (Hondarribia, 1964), horien artean Lisabörenak. Nobela bat ere argitaratua du, 2002an, “Me llamo Ezequiel, y así será siempre” (Hiru). Baina poesiara gerturatzeko ordua iritsi zaio oraingoan, eta baditu atzean horretara bultza duten hainbat arrazoi. Itsasoa da horietako bat. Izenburuak berak –“Azken zakatzak” (Susa)– ematen du lehenengo pista. «Arrantzale familiakoa naiz, hori da nire jatorria». Aita patroia zuen Mariskalek, arrantzalea, eta berak ere ezagutu du ur gaineko lanbidea. Bere anaiek ere. «Aitak lanbidea erakutsi nahi zigun, baina ez zuen gu arrantzale izaterik nahi». Hala, 15 urterekin itsasoratu zen lehenengoz, atunontzi batean. «Orain 15 urteko gazteak ikusita izugarria iruditzen zait». Uda oso bat itsasoan, beste hamasei pertsonarekin, naturarekin borroka zuzenean. Unibertsitate ikasketak egin zituen Euskal Herrian, baita AEBetan ere, baina pertsona gisa izan duen eskola itsasoak eskaini dion aitor da.

Mariskalen poemetan ezinbestean dago presente itsasoa, beraz, bai metafora modura, bai natura gisa, bai aitaren erreferentzia bezala. «Itsasoa ikusten dudanean ikusten dut aita, ikusten dut aitona, galtzen ari den bizimodu bat».

Oinazeak

«Bizitzaren kontuengatik», dio, oinazeari ere leku egin dio bere lehenengo poema liburuan. Bostonen lanean aritu zen Mariskal irakasle gisa, eta itzuli zenean gripe bat igaro zuen, eritasun ohikoa. Baina handik aurrera bere bizimoduak aldaketa nabarmena izango zuen. Nerbio sisteman infekzio bat izan zuen eta azken hamahiru urteotan oinaze neurologiko kroniko bat du, egunerokoan muga izatera heldu dena. «Norberarentzat oso zaila da hori onartzea. Bi aukera daude, amore eman edo aurrera egin. Nik aurrera egin nahi dut eta liburu hau bada aldarrikapen bat. Banaiz pertsona bat mina lagun duena, eta ataka horretatik idatzi duena liburu hau», aipatu du.

Ez du bere burua nobela bat idazteko gai ikusten, nahiz eta baduen lan bat nahiko aurreratua. Eritasunak geratu egin zuen proiektu hura. Bere erronka, beraz, poema liburuan datza. «Itsasoa izan da nire eskola pertsona bezala, eta oinazearen bitartez ari naiz pertsona bezala master bat ateratzen. Horren emaitza da liburu hau».

Ez dira nolanahi ere bere poema luze eta trinkoetan lantzen dituen gai bakarrak. Badu hori guztia biltzen duen gain arrazoi bat ere: edertasunaren bilaketa, hain zuzen. «Kosta egiten zaigu denbora hartzea kontzienteki edertasunaren alde jokatzeko», eta liburuan badago halakorik, hitzaren bitartez. «Ez edertasun formala bakarrik, baizik mamia duen edertasunaren bila aritu naiz poemen bitartez», esan du.

Gizartearekiko duen kezkak ere ez ditu alboratu kaleratu berri duen lanean. «Nire burua ezagutu nahi dut gizartea bera ere hobeto ulertzeko eta besteak ere ulertzeko». Mariskalek poesia bera jarrera bezala aldarrikatzen du bizitzaren aurrean. «Kezkagarria da gizartea eta pertsonak hartzen ari garen bidea, eta, poesia alboratzen badugu, ez gara oso urrun iritsiko. Bestela dena da transakzioa, etekina, utilitarismoa. Diskurtso bisualean erabat murgilduta dagoen gizartea gara, oso jarrera pasiboa dugu eta ikaragarri alfertu gara». Bere iritziz, gizatasuna ahazten ari da egungo gizartea eta idazteari eta irakurtzeari eman dio garrantzia berezia ataka horretan.

Literaturaz ere hitz egin du. Bere aburuz, literatura mota bat gailendu da eta beste bat baztertu, sakontasuna eskatzen duen literatura, pausatua hain zuzen. «Ez ditugu hitz potoloak behar, has gaitezen gauza txikiekin, poesiarekin. Gure bidea geldiagoa izango da, baina urrunago iritsiko gara». Bide horretan kokatu du Mariskalek bere lana. «Hitzak gure izaera ezagutzen laguntzen gaitu, eta ez bakarrik egoera traumatiko bat bizi duenaren kasuan. Berbalizatzea zerk kezkatzen gaituen eta zein diren gure desioak. Hori da poesia, hori da edertasuna eta hori da gizaki bihurtzen gaituena. Berreskura dezagun hitza».