GARA Euskal Herriko egunkaria

Eskorrikasko


Ttipienak dira ametsik handienak. Ttipia zinenean egiten zenituen haiek, eta bere ttipian handi-handi zirenak, edo, handitutakoan egiten dituzun guztiak, amets bakoitza mundu berri bat delako, esploratu gabea, xarmaz betea. Hala etorri zitzaidan burura Ikor Kotxen argazki bat ikusi orduko. Korrikako testigua zeraman haur bat agertzen zuen argazkiak, paparrean «Euskal preso eta iheslariak etxera» aldarrikatzeko itsaskin bat zeukan, testiguari begira egiten ari zen urratsak umea, eta oinetako bat falta zuen, ezker oinean zapatila bat eta eskuinean galtzerdia soilik. Euskararen alde korrika egiteko ilusioa eta gogoa baino ez baitira behar. Sintesi eder bat zen argazkia. Bizi naizen herrian, Donibane Lohizunen, Korrika ttipiak zorionez bete ninduen bestalde, ikastolako eta elebiduneko haurrak elkar hartuta inoizko parte hartzerik handienean. Geroa marrazten ari zen han, irribarretsu. Ipar Euskal Herriko igaroa ere hala izan da, okertzeko arriskurik gabe inoizko jendetsuena. Ofizialtasunik ez duen tokian bada zerbait, batez ere ofizialtasun horretara ailegatzeko urrats gisa. Eta Iruñeko amaiera apoteosikoak brotxea ezarri dio ibilbideari, herri honek aurrera eramango duen maitasunezko historia biziari. «Euskara noranahikoa da, baina gutako bakoitzaren baitan dago». Joseba Sarrionandiaren esaldi horrekin gelditzen naiz, etorkizunari itxaropentsu begiratzeko laburpena bailitzan. Zoragarria izan zarelako, «eskorrikasko».