GARA Euskal Herriko egunkaria

Independentziaren sua hauspotzeko gazteen festa

Martxa eta topagunea nahasiko dituzte gazteek aurten. Igorren bildu, euren gogoetak partekatu eta eztabaidatzeko aukera izango dute Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek antolatutako Gazte Akelarrean. Bertan, «su txikiak» izango dituzte hizketagai.


Iazko Gazte Danbada topagunea izan zen eta, berez, aurten martxa tokatzen zen, ohituraz txandakatu egiten baitituzte. Alabaina, aurten ohitura alde batera utzi eta bien arteko nahasketa egitea erabaki dute. «Horren gainean gogoeta egin behar dugula uste dugu, gauzak astiro-astiro aldatzen joan behar direla, eta horretarako martxa eta topagunearen arteko zerbait egitea okurritu zitzaigun», aipatu zuten antolatzaileek. Izan ere, batzuek martxa nahiago dute eta beste batzuek topagunea, eta horrela ahalik eta jende gehiena uzten dute konforme.

Gazte Akelarrearen lema “Sugarren dantzan independentziara” da. Honekin esan nahi dutena da herriz herri eta auzoz auzo borroka txiki ugari daudela, eta guztiak bidea egiten ari direla norabide berean borroka handiago bat abiarazteko. Hau da, helburua independentzia izanik, beste hainbat gai ere jorratu behar direla. «Ikusten dugu une honetan prozesu independentista martxan jarri behar dela, independentzia ezkerretik ulertuta. Su txikiek elikatzen dute gazte akelarre hori. Herriz herri sortu diren alternatiba eta proposamenekin osatzen da independentziarako bidea», aipatu zuten antolakuntzakoek. Hala, akelarre hori jendearen eztabaidarako foro bat bezala ikusten dute, eta horren inguruan bilduko dira gazteak.

Zaintza, aisialdia eta elikadura

Aurtengo egitarauan iaz kontuan izan zituzten hainbat elementu mantendu dituzte. Alegia, hiru eremu biziki babesten jarraitzen dute: zaintza, aisialdia eta elikadura. Elikadurari dagokionez, bertako produktuak –jana eta edana– eskainiko dituzte akelarreko jantokietan. Aisialdiaren atalean eskaintza zabala prestatzen saiatu dira gazteei parte hartzeko aukera emanez. Iaz musika taldeen lehiaketa bat egin bazuten, aurten talde sortu berriei euren sorkuntza erakusteko plaza bat ematen saiatu dira.

Zaintza mugimendu feministatik datorren kontzeptu bat da. «Horrelako ekimenetan mila gazte baino gehiago egoten gara antolakuntza lanetan eta txandak egiten, eta hori zaindu beharreko zerbait da; besteak zaintzen egoten gara eta askotan geure burua zaintzeaz ahazten gara», aipatu zuten. Zentzu horretan, “gune zainduak” abiaraziko dituzte. Emakumeentzako “gune beltzak” markatu beharrean, erabaki dute ibilbide seguru bat osatzea, non pertsona guztiak lasai asko ibili ahal izango diren. Zaintza lanak egingo dituzte txandaka “gune zaindu” horietan babesa eskaintzeko.

Egitarauari zuzenean heltzen badiogu, Gazte Akelarrea bihar hasiko da Zornotzan martxa batekin. 17.00etan abiatuko dira gazteak denak batera Igorrerantz. Mendian zehar ibiliko dira, atsedenak egingo dituzte eta gauean, 23.30 aldera, iritsiko dira herrira. Kanpalekua muntatu ostean hasiko da topagunea Akeita gunean egongo den DJ saio batekin. Gune horretan izango dira antzerki emankizunak, ipuin kontalariak, zumba eta txalaparta ikastaroak eta kontzertu lasaiak (La jodedera, Mobydick, Silvio eta Rodriguez, Jon Basaguren).

Kontzertu jendetsuagoak izango dira karpa handian (Soziedad Alkoholika, Gatillazo, Willis Drummond, Gatibu, Huntza, Riot Propaganda...) eta, bestalde, izango da beste motatako musikarako aukera Sound System gunean.

Kobazuloan kirolei eskainitako txokoa izango da. Bertan gazteak giza futbolinean, tirolinan, esku-pilotan edota slacklinean aritu ahal izango dira, tailerretan edota erakustaldietan. Bestalde, lehen aldiz eskalada txapelketa antolatu dute, Erradikal Climbing izenekoa. Ostiralean 11.00etatik aurrera eman ahal izango dute izena parte hartzaileek eta egunean zehar herrian zehar probak egin ostean, finala 18.00etan jokatuko dute. Herrian zehar ibiliko dira trikitilariak eta elektrotxaranga.

Kultur Etxean hainbat gairi buruzko hitzaldiak izango dira: sindikalgintza eta langileak, politika, feminismoa, lurraldetasuna, presoak, nazioartea... gai horietako batzuk ere landuko dituzte Eskola Politikoa gunean eta Gaztetxean. Horietan tailerrak eta mahai inguruak izango dira.

Topagunea amaitzeko, 18.00etan manifestazioa egingo dute Igorren zehar. Azken gaua kanpalekuan pasatu ostean, igandean Ernaikoak Gernikako Aberri Egunera joango dira eta Aitzinakoak Uztaritzekora. Hego zein Ipar Euskal Herriko gazteek zita horietara gerturatzeko deia egiten dute, baita Gazte Akelarrean beraiekin bat egiteko. Udaberriko ekimen osorako bonuak 35 euroan daude salgai, baina eguneko sarrerak ere eskura daitezke 15 euroan. Gaua kanpalekuan zein furgonetentzako parkingean igaro ahal izateko, bonuak bakarrik onartuko dira. Bestalde, autoentzako parking bat ere egongo da, baina herria txikia denez garraio publikoan bertaratzeko gomendioa egin dute; izan ere, Bilbotik autobus ugarik egiten du bertarainoko bidea egunean zehar.