2017 MAI. 05 Euskararen erabilera sustatzeko udalekuak egingo dituzte N.BELASTEGI DONOSTIA Euskararen erabilera sustatzeko estrategiak bilatzea izango da “Mingaina dantzan” udalekuen helburua. Proba moduan egingo dituzte aurten eta hainbat herritara mugatuta egongo dira. Horietatik ateratzen dituzten ondorioak datozen urteko udalekuetan zein gaztetxoei zuzendutako gainerako aisialdi taldeetan aplikatu nahi dituzte. Udalekuetan euskara hutsean bizi diren gazteak eta euskara eskolan besterik erabiltzen ez dutenak batuko dituzte, horien bien errealitateak nahastuz euskara gutxi erabiltzen dutenei euskaraz bizitzea posible dela erakusteko. Hala, erabilera-ohitura berriak erein nahi dituzte horien artean. Horretarako, beharrezkoa da nerabeen beren borondatea, orain arteko udalekuetan ere egoera soziolinguistiko desberdinetako gaztetxoak elkartzen badituzte ere, gaztelera atera ohi baita indartuta. Bi txanda izango dira: uztailaren 3tik 12ra, Azpeiti, Zumaia eta Barakaldoko nerabeek Mundakako aterpetxean egingo dute egonaldia. Uztailaren 21etik 30era, berriz, Kortezubiko Baratze aterpetxean elkartuko dira Oiartzun, Markina-Xemein eta Gasteizkoak. “Go!azen” telesaileko aktoreak ere izango dira, euskarazko aisialdiaren eredu gisa.