2017 EKA. 24 LOKOTXAK Ariztegi eta Blanco izan dira Nafarroako onenak J. L. Maika Ariztegik eta Aitor Blancok irabazi dituzte Nafarroako lokotx-biltzeko txapelak. Biek egin zuten oso lan ona eta horri esker eskuratu ahal izan zuten garaipena. Bakoitzak 50 lokotx batu behar izan zituen, bi ilaratan jarrita eta batetik besterako tartea 1,25 metrokoa zela. Bost izan ziren parte hartu zuten neskak, eta Maika Ariztegik ez zuen barkatu, aurten ere berak jantzi baitzuen txapela. Lan guztiak burutzeko, 7 minutu eta 57 segundo behar izan zituen. Bigarren postuan sailkatu zen June Etxeberria 14 segundora; hirugarren Ainhoa Iraizoz, 21 segundora; laugarren Irune Biurrun, 30 segundora; eta sailkapena Saioa Zurbanok itxi zuen, 35 segundora. Mutiletan hiru besterik ez ziren lanean aritu eta azkenean Aitor Blancok hamar segundoko aldea atera zion bigarren postuan sailkatu zen Fernando Etxegarairi. Irabazleak 6 minutu eta 34 segundo behar izan zituen, eta hamar segundo gehiago, berriz, Etxegaraik. Hirugarren postua izan zen Iñigo Lasagarentzat, eta berak txapeldunak baino 12 segundo gehiago behar izan zituen. Beste txapelketak Nafarroako Federazioa ari da bere lehiaketak noiz eta non izango diren agertzen, eta horietako asko Iruñean izango dira, sanferminen barruan, baina han ezin dira denak egin, eta horietako bat sega da. Azken urte hauetan Nafarroako finala Azkaraten jokatu da, baina aurten Donezteben jokatuko da uztailaren 1ean, Bordatxoko aparkalekuaren atzealdean dagoen belardian. Jon Kanflanka eta Mikel Berekoetxea lehiatuko dira.