2017 IRA. 27 PILOTA Kaiola, erronka berri bat Urriaren erdialdera hasiko da Lau eta Erdiko Emakume Master Cup-a, nesken buruz buruko lehen lehiaketa. Azken eguneraketa: 2017 IRA. 27 - 11:36h Jon ORMAZABAL Emakumeen eskuzko pilotari sekulako bultzada eman zion neguan jokatu zen Binakako Master Cup txapelketak. Arrakasta horrek segida izan du udan, non orain arte paletaz aritu izan den Maite Ruiz de Larramendik hogei partida jokatu dituen eskuz eta bakarra erremintarekin eta bultzada horri jarraipena emateko asmoz, erronka berria jarri diete emakume pilotariei Master Cup txapelketaren antolatzaileek, banaka ere aritzeko amua edo erronka jaurtiz. Atzo aurkeztu zituzten Bilbon datetan gizonezko profesionalekin batera lehiatuko den txapelketa honen nondik norakoak. Baina mutiletan ez bezala, emakumeena erabat lehiaketa irekia izango da eta izena ematen duten pilotarien kopuruaren arabera antolatuko dute lehiaketa, kanporaketa edo ligaxka eran. Hori bai, partidetan nolabaiteko oreka bermatzeko asmoz, bi mailatan jokatuko da, lehen maila eta eliteak. Interesdunek urriaren 1etik 15era izango dute txapelketaren web orrialdean izena emateko aukera –printzipioz bakoitzak erabakiko du zein mailatan, baina antolatzaileek gainbegiratuko dute, desorekarik gerta ez dadin– eta erantzunaren arabera modu batera edo bestera antolatuko dituzte partidak. Hori bai, erabakita dago finalerdiak Berrizen jokatuko direla azaroaren 26an eta finalak Sopelan, abenduaren 6an, bi jaialdiak ETBk zuzenean eskainiko dituelarik. Proiektu honen arima den Iker Amarikak nabaritu du, lotsagatik edo, neska askori binaka aritzea baino gehiago kostatzen zaiela buruz buru jokatzeko saltoa ematea, baina Lau eta Erdikoa oso neurri gustagarria dela jakinda, jokatzera animatzen ditu pilotan aritzen diren neska guztiak. Ez du lan handirik izan Daniela Vargas mexikarra konbentzitzen. Binakakoan ez zuen esperotako maila ematerik izan eta udazkenean berriz ere etorriko da Euskal Herrira jokatzera. Lehian izango da baita ere faboritoen artean izango den Patri Espinar. Bizkarreko lesio baten ondoren ez zuen Binakakoan jokatzerik izan eta irrikaz dago kaiolan aritzeko. «Emakumeak ez daude ohituta buruz buru jokatzen eta gehiago kostatzen da baina nik uste dut lotsa horiek alde batera utzi behar dituztela. Bakarka asko ikasten da».