GARA Euskal Herriko egunkaria
HARRI

Aimar Irigoien izango da irabazteko faboritoa

Errezildarrarekin batera, Jimenez, Lopetegi, Izeta IV.a, Peñagarikano eta Etxeberria lehiatuko dira.


Euskal Herriko Harri Txikien finala jokatuko da bihar, 18.00etan, Aizarnazabalen. Aimar Irigoien bertan izango da, eta bera da Euskal Herriko Txapelketa irabazteko faborito nagusia. Aurten, gainera, egungo txapeldunak, Inhar Urruzunok, ez du parte hartuko. Bizkaitarrak lesio larria izan zuen belaunean, eta oraindik ongi osatzeko prozesuarekin jarraitzen du. 

Txapelketak berrikuntza izango du, izan ere, Julio Jimenez avilarra izango baita final honetan. Gaztela eta Leonen harri-jasotzeak indar handia hartu du, eta haietako mordo batek Euskal Herriko herrialde ezberdinetako federazioetan dute lizentzia, eta ondorioz final honetan aritu ahal izango du Jimenezek. Dena dela, bera lehen ere Euskal Herrian beste lehiaketa batzuetan arituta dago –baina Euskal Herriko Txapelketan ez–, eta beti eman izan du itxura polita, nahiz eta oraindik ikasteko ere asko daukan.

Bi harri-jasotzaile horiekin batera, Mikel Lopetegi, Xabier Peñagarikano, Izeta IV.a, eta Gorka Etxeberria lehiatuko dira. Mikel Lopetegi da dudarik gabe, Aimar Irigoien gehien estutu dezakeen harri-jasotzailea. Zarauztarra oraindik oso gaztea da, baina harri txikiekin sekulako maila ematen ari da, eta Aizarnazabalera lan bikain bat egitera joango da, eta ahal duen neurrian Irigoien estutzera.

Maila politeko lehiaketa izango da, sei kirolarirekin. Aizarnazabaletik oso apartekoak ez diren harri-jasotzaile mordo bat daude, gehienak, esan daiteke, eta horrek berak ere jendearen erantzuna erraztuko du. Kirolari bakoitzak, 100 kiloko bola, 112,5eko kubikoa, 125eko zilindroa eta pisu bereko errektangularra erabiliko ditu. Harri bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, kirolari bakoitzak hiru minutuko txandak izango ditu.

Bestalde, bihar bertan, baina Bilbon, Cantalojasko zubiaren ondoan, Bizkaiko bakarkako harri-zulatzaileen txapelketako saioa jokatuko da 13.00etatik aurrera. Bertan, Oskar Laso, Sergio Gomez, Asier Zubiaga, Roberto Irure, Yasmin de la Vega eta Eduardo Hidalgo lehiatuko dira. Txapela jokoan egongo den neurketa oso dotorea izango da. Taldeka ikustea bikaina baldin bada, bakarka ikustea oraindik eta ederragoa da, berez kirol zail eta gogorra baita hau. Irudi bikainak izango dira biharkoan Bilbo aldean ere. Gainera, bihar Bizkaiko hiriburura doazenek, ez dute harri zulatzeko saioa bakarrik ikusiko; izan ere, trontzako desafio bat ere izango da bertan, eta alde batetik, Ioritz Pereira eta Eneko Corral arituko dira, eta bestetik, berriz, Arkaitz Ispizua eta Santi Zubizarreta, horrekin jaialdia osatuz. Trontzalariek ere behar dituzte honelako erakustaldiak, kirol hau ez baita bere unerik onena bizitzen ari.

Honi buruzko guztia: HARRI