2017 URR. 23 TRONTZA Mikel Eugik eta Itsaso Ontsalok irabazi dute Nafarroako final mistoa J.L. Mikel Eugi eta Itsaso Ontsalo izan dira Nafarroako Trontza Txapelketa Mistoko irabazleak. Atzoko finalean lan bikaina egin zuten, eta bigarren sailkatuei minutu bateko aldea kendu zieten. Bikote bakoitzak 45 ontzako enborrari 10 epai eman behar izan zizkion. Eugi eta Ontsalo ziren faboritoak, eta ez zuten hutsik egin. Ia hasieratik ihes egin zuten, eta amaieran minutu eta bi segundoko zuloa egin zuten. Zuten lana kontuan hartuta, alde handia da. Lan guztiak burutzeko, 4 minutu eta 24 segundo behar izan zituzten. Bigarren, Barberena eta Iraizoz sailkatu ziren, 5 minutu eta 26 segundoko denborarekin. Podiuma Urrutiak eta Sorondok osatu zuten. Egin beharreko lanak 5 minutu eta 29 segundoan amaitu zituzten. Lehiarik handiena bigarren posturako egon zen, minutu batean lau sailkatu baitziren. Atzetik, I. Kañamares eta Etxeberria, O. Kañamares eta Izkue, Uharte eta Rodriguez, Garai eta Biurrun eta Uhalde eta Alonso sailkatu ziren.