2017 ABEN. 08 Goyhenetcheren plagiatzaileek ez dute epailearen agindua bete Manex Goyhenetche historialariaren familiak eta Elkar argitaletxeak salatu dutenez, Dominique Lormier idazleak eta Geste argitaletxeak, epailearen aginduari uko eginez, ustez plagiatuak diren bi obrak salgai dituzte oraindik. Urte hasieran eraman zuten auzitara afera. Azken eguneraketa: 2017 ABEN. 08 - 11:27h Idoia ERASO ANGELU Angeluko Manex Goyhenetche kultur zentroan agerraldia egin zuten atzo Elkar argitaletxeko Peio Etxeberri-Aintxart eta Peio Duhaldek, 2004an hildako historialariaren anaia Joanes Goyhenetcherekin batera. Bertan Dominique Lormier idazlearen eta Geste argitaletxearen kontra Bordeleko Epaitegian ezarritako salaketaren berri eman zuten. Lormierrek argitaletxe horretan kaleratu “Histoire du Pays Basque” eta “Petite histoire du Pays Basque” obretan euskal historialariaren lanen «plagio» argia dagoela salatu zuten. Urte hasieran jarri zuten afera justiziaren eskuetan, eta epaiketa oraindik egin ez bada ere, salaketaren arrazoiak balio aski handia dutela iritzita, epaileak argitaratutako liburuen stock-a konfiskatzea agindu zuen martxoan. Epaiketa aitzin horrelako deliberoak hartzea «ezohikoa» dela nabarmendu zuen Duhaldek; hori dela eta, 2018an eginen den epaiketan irabazteko aukera badutela nabarmendu zuen. Agindu hori izanik ere, Geste argitaletxeak obra salgai du oraindik eta horren publizitatea egiten jarraitzen du. Zentzu horretan, Elkarreko arduradunek bai idazlearen bai Bordeleko argitaletxearen «fede txarra» salatu nahi izan zuten eta urrunago ere joan direla esan zuten, Euskal Herria gaitzat duen liburu berri bat argitaratu baitute: «Le Pays Basque sous l’occupation». Liburu berri honetan berriz ere plagio aztarnak atzeman dituztela salatu zuten atzo Elkarreko arduradunek; oraingoan Mixel Estebanen “Regards sur la Seconde Guerre Mondiale en Pays Basque” liburutik hartutako pasarteak izanen lirateke. Agerraldi honen bitartez, jendarteari eta saltzaileei salaketaren berri eman nahi diete. Aldi berean, hori egiteko hiru arrazoi nagusi eman zituen Elkar argitaletxeak: alde tekniko-juridikotik, liburua merkatutik atera dadin; editore gisara, beren idazlea zenaren jabego intelektuala babesteko; eta azkenik, Euskal Herria eta bere kultura modan dauden momentu honetan, horri buruzko liburuak edozein modutan argitaratu ezin direla zabaltzea. «Geste eta Lormier kondenatuz mezu bat zabaldu nahi dugu, ezin dela zernahi argitaratu Euskal Herriari eta euskal kulturari buruz. Hori da gure funtzioa eta harrotasuna, gure egileei zor dieguna», eman zuen aditzera Etxeberri-Aintxart editoreak. Auzibidea bertan behera ez uzteko arrazoietako bat Bordeleko idazle eta editoreak erakutsitako jokamoldea dela nabarmendu zuten, eta zentzu horretan epaiketa bururaino eramateko asmo argia agertu zuten. Epaitegitik kanpoko hitzarmenik sinatzeko inolako asmorik ez dutela baieztatzearekin batera, epaiketaren dataren eta urratsen berri publikoki emanen dutela adierazi zuten. «Negoziazioa guztiz baztertu dugu, ez dugu ezer onartuko. Dena publiko eginen dugu, jendeak jakin dezan, epaiketa irabazten badugu, bai eta galtzen badugu ere», baieztatu zuen Etxeberri-Aintxartek. Joanes Goihenetchek ere hartu zuen hitza ondoren, eta berarekin batera ahizpa eta zendutako historialariaren emaztea jabegoaren oinordekoak direla azaldu zuen. Bereziki azpimarratu nahi izan zuen bere anaiak «egia eta lan zientifikoarekiko zuen kezka», baita egindako lan eskerga ere, urteetan zehar artxibategi eta liburutegietan ikertuz gauzatua. Historialarien salaketa Afera honen berri 2016an eman zen ezagutzera Ipar Euskal Herriko hainbat historialariren eskutik. Data berean baina urtebete lehenago «plagio lotsagabearen» aurrean salaketa publiko egin nahi izan zuten. Dominique Lormierrek «Euskal Herriko historialari zenbaiten testuak plagiatu» zituela salatu zuten, bereziki Manex Goyhenetcherenak. Orduan egoera jendaurrean salatzeko bildu ziren historialarien artean Jean-Louis Davant, Argitxu Beyrie, Pantxo Etxandi, Peio Etcheverry, Caroline Lugat, Egoitz Urrutikoetxea, Jacques Ospital, Jean-Claude Larronde eta historialaria ere baden Etxeberri-Aintxart izan ziren, besteak beste. Lormierrek 30 urtean 120 liburu baino gehiago idatzi ditu. Idazleak hori harro defenditzen badu ere, salaketa jarri dutenek hori ahuldade gisa ikusten dute, horrelako produkzio zabala izateak lan sakonik egiteko astirik ez duela ematen argudiatuta.