GARA Euskal Herriko egunkaria

Linboa


Viet Than Nguyenen “The Refugees” (2017, Errefuxiatuak) bildumako ipuinetako batean Vietnametik Guamerako bidean itotako anaiaren mamua bisitan datorkio narratzaileari. Hogei urte igaro dira ezbeharra jazo zenetik. Anaia, hala ere, ez da batere zahartu.

Aitzitik, narratzaileak gogoratzen zuen bezala dago; hau da, hamabi urteko mutiko baten gorputzean. Soinean daramana ere azkenekoz ikusi zueneko bera da. Higatuta dago, ordea, eta kolorea galduta. Hezurretaraino bustita dago anaia eta narratzaileak ezer esan gabe Guametik AEBetara igeri egin izanaren ondorio dela azaltzen du. Anaia lehenago azaldu ez izana horri lotzen dio narratzaileak; kosta egiten zaio imajinatzea zer izan behar duen hain distantzia luzean igeri egitea. Anaiaren aldean, zorte hobea izan duela iruditzen zaio. Batxilergoa bukatu eta unibertsitatera joateko aukera izan zuen. Idazteari ekin zion jarraian eta ez zaio batere gaizki joan negozio horretan. Etxetik lan egin dezake, inora joateko premiarik izan gabe.

Heriotza tragikoa izan zuela-eta anaia mundu honen eta bestearen artean harrapatuta geratutako mamua dela uste du. Iragana gainditu eta bakea lortzen lagundu nahi dio. Baina anaia ez da Vietnametik ihesi gertatutakoa gainditu ez duena. «Mamuak –esaten dio bere arrebari– bizidunen eskariz agertzen dira. Haiek dira iraganekikoak kitatu ezin dituztenak». Errefuxiatuen kasuan, egiteko zaila da hori. Jaioterrira itzuli ezin ez eta jaso dituen herrialdean ezin tokiko sentitu, bertan urteak igaro badituzte ere. Horixe da linboa.