2018 URT. 04 Bizitza oso bat Lander GARRO Idazlea Bezperatik dago ama larrialdietan. Atzo inoiz baino makalago zegoen. Pneumonia zeukala esan zigun medikuak, eta horrek eragindako arritmiagatik obserbazioan utzi behar zutela. Baina gaur beste egun bat da, amak bere gela dauka, eta ernai topatu dut. Kaixo esan orduko, ordea, halako keinu herabea nabaritu diot. Nire izenaren bila ari da, ezpainak alferrik mugituz. Ezagutzen dut, ari da bere artean, baina ez dakit zehazki nor den. «Manuel», esan du emeki, «gogoratzen duzu auzoarenean Gabon kantak kantatzen ibili ginenekoa? Zu soldaduskatik itzuli berria zinen, eta zure amak errieta egin zizun ilea hala moztuta ekartzeagatik. Ai gure Lola, beti hain petral. Baina zu oso elegante zeunden, eta Joselitok oso erne egiten zizun so... homosexuala zen, oroitzen duzu?». Ez dakit ama zertaz ari den. Ez dakit nor den Manuel, ezta nor den Lola ere. Leihoa zabaldu eta nire burua handik behera botatzeko gogoa sentitu dut. Joan da ama, betiko, eta haren ordez itxura zaharreko haur hau eman digute. Horixe da ospitalea, jendea trukatzeko eraikin bat. 24 ordu eman ditu gisa horretan. Bigarren egunean, ordea, bere onera etorri da berriz. Konfusio sindromea esaten diote. Zaharrek pairatzen dute ospitalea zapaldu orduko. Berak dagoeneko gainditu du sindromea, nik ordea jota jarraitzen dut. 24 ordu izan dira. Egun bakarra. Baina bizitza osoa egun bakarrean kabitzen da batzuetan.