GARA Euskal Herriko egunkaria

Irribarriak eta Merinok irabazi zuten amesten jarraitzeko eskubidea


BENGOETXEA VI-LARUNBE 15

IRRIBARRIA-MERINO II 22

 

Irribarriak eta Merino II.ak atera zuten aurrera ostiral gauean Larraintzarren jokoan ipini zen puntu erabakigarria. Aspeko bikoteak partida serioa jokatuta, hirugarren puntua batu zuen sailkapenean, finalerdietara sailkatzeko aukera apurrei eutsiz. Bengoetxea VI.a eta Larunbe, aldiz, bi punturekin geratu dira zortzi jardunaldi jokatuta, eta esan liteke jada aukerarik ez dutela, nahiz eta beste sei neurketa jokatu behar izan oraindik.

Iker Irribarriak eta David Merinok partida txukuna egin zuten, hasi eta buka. Aramako aurrelaria indartsu aritu zen, pilotakada latzak joaz, eta tantoa amaitzeko arazoren bat izan arren, erremate ederrak utzi zituen ostiralean. Atzelari errioxarrak ere zuzen jokatu zuen oro har, eta hiruzpalau pilota galdu arren, ongi eutsi zion Larunberen joari.

Guztiz kontrakoa esan daiteke Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunberi buruz. Leitzako aurrelaria beti bezala saiatu zen, baina ezinean, etengabe kantxako hezetasun irristakorragatik kexaka. Eta atzelari bizkaitarrak, pilotakada onak jo bai, baina ia hamar pilota galdu zituen. Gehiegi berriz ere.