2018 URT. 20 Musuak (II) Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria Boy scoutek mutikoengan “benetako gizon” bihurtuko zituzten balioak txertatzea helburu zuten bitartean, girl scouten funtzioa zen neskatoei “benetako gizon” horiei sostengu eta babes emango zieten emakume bilakatzen laguntzea. Lehenengoek indar fisiko eta psikologikoa hobesten zituzten, bigarrenak besteen zaintzan eta arduran trebatzen zituzten. Ezin esan Baden Powellen nazionalismo maskulino gihartsua erabat gainditua dutenik egungo nazio-estatuek; hala balitz, ziur aski maskulinitate gihartsuaren paradigma den armada bestelakoa litzateke. Agian existitu ere ez zen existituko. Kontua zera da, Baden Powellen ereduaren kontrako ahotsak gero eta ozenago mintzo dira eta bultzatu ere bestelako ereduak bultzatzen hasi dira. Zentzu horretan, sintomatikoa da girl scoutek azken hamarkadan izan duten bilakaera. Otzantasunaren ordez, nesken parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa bultzatzea ardatz duen erakundea izatera igaro da. Hortik “musurik ez” kanpaina. Ikuspuntu aldaketengatik kritika uholdea jaso dute. Familia kontu sakratua da eta haren osaketari mehatxu egin diezaiokeen edozer mesfidantzaz jaso ohi du gizartearen atal handi batek. Neskei beren afektuen jabe direla esatea, familia barruan zein kanpoan emakumeen ardura izan denean alderdi afektiboa, probokazio handiegia da haientzat. Eta, hala ere, zeinen beharrezkoa den halako aldarrikapena egitea.