GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Nork, Nori, Nor, Zer…


Establishment» hitza heldu zait belarrietara, bietara, urruneko danbor-hotsen artetik. Bai, indarrean den ordena kontrolpean mantentzen saiatzen den eragile-sareaz ari zen hori aipatu zuena, ustelkeriari bidea, edo aterpea behintzat, eman omen zion beso luzeko sareaz. Herri hau txikia da, Gaindegiaren argira inoiz baino biztanle gehiago dituen arren, eta denok dakigu zertaz ari garen denok dakigun honetaz ari garenean. Amen. Beharbada horrexegatik ez dut gustuko «estabilidad» hitza bera ere, politikaren hiztegian buru jarrita behinik behin, gauzak bere horretan mantendu nahi izate horrek galarazi egiten baititu gauzak beste modu batean egiteko bestelako aukerak.

Baina, hiztegitik hizkerarako igarobidean, hitzak huts utz ez ditzagun edukiz bete behar dira eguneroko jardunean, hiztunok hitz berak erabilita ere oso modu diferentean erabiltzen baititugu, sozialismotik demokraziara burujabetasunetik pasatuta. Eta betetze horretan hizkuntza bakoitzak berezko ezaugarriak ditu, mantendu beharrekoak: 0 Km! Horra, kasuko, NORK eta Euskaltzaindiak egin berri duen eskaera, NORI eta ministerioari, ZER dela eta «malguago» jokatu dezan euskal izendegiarekin. Izan ere, euskara erromanikoa bailitzen hartzen du ministerioak eta euskal izenari erdal izana egotzi nahi dio, generoa genero.

Baten batek galdetu egingo luke: ZEIN ministeriori egin eskaera baina? Eta erantzuna, berdin du! Ministerioa esanda argi dago: hango bat, hemengoak Sailak dira eta! Eta Sailak hemengo ministerio ez diren bitartean jai dugu euskaldunok! Lanegunetan ere jai! Eta, portzierto, hori horrela, ahaztu burujabetza partekatu zer horrena! Faborez, serio izan! Euskaraz K-k egiten du Nor NORK izatea. 0 Km gogoan, hemen NORK behar dugu izan, ez hango NORKen hemengo NORak. Gaurko establishment oztopo da horretan. Mon Dieu!