GARA Euskal Herriko egunkaria

Emakumeen kontrako diskriminazioa amaitzeko eskatu dio LABek Telefonicari


LABek elkarretaratzea egin zuen atzo Telefonicako eraikinaren aurrean, Donostian, enpresa honetako emakumezko langile batek jasandako diskriminazio egoeraren berri emateko, baita jarri duen salaketa babesteko ere. Sindikatuak esplikatu zuenez, langile honek sinatu behar zuen dokumentuan trabajador eta empleado ipintzen zuen lekuan trabajadora eta empleada ere ipintzeko eskatu zuen, baina enpresak ez zion onartu eta bere azalpenean erantzun zion maskulinoa modu zabal batean ulertu behar zuela eta, beraz, emakumeak ere izendapen horren barnean zeudela erantzun zion.

«Egoera hauek dira egun bizi garen jendarte heteropatriarkala sostengatzeko bitartekoak, alegia, oraindik emakumeok ikusezinak bagina bezala eta egiten dugun lanak baliorik izango ez balu bezala tratatzen gaituzte».

Oroitu zuten egoera hau ez dela kontu isolatua. Telefonicak berdintasun plana badu aspaldi eta, besteak beste, 4.2.1. puntuan hizkuntza ez sexista erabiltzeko konpromisoa hartzen du. Ondorioz, Telefonicako zuzendaritzak ez duela CCOO eta UGT sindikatuen oniritziarekin batera onarturiko berdintasun plana betetzen salatu zuten.

Berdintasun planak lantokietan izaten diren diskriminazio egoerak zuzentzeko tresnak dira eta paperean adostutakoa betez gero, aurrerapausoak emateko aukerak ematen dituzte. «Zoritxarrez, beste behin ere agerian geratu da enpresak ez duela akordio horiek betetzeko asmorik eta berdintasun batzordean parte hartzen duten sindikatuen aldetik ez duela behar besteko presiorik jasotzen emakume eta gizonen arteko aukera- eta eskubide berdintasuna bermatu dadin». Beraz, LABek salaketa jarri du Lan Ikuskaritzan Telefonican gertatzen ari den diskriminazio hau zuzentzeko eskatzeko, baita berdintasun plana aurrera eramateko enpresak bitarteko propioak martxan ipin ditzala galdegiteko ere, berdintasun batzorde propio bat alegia.

«LABek aspaldi bereganatu zuen parekidetasunaren alde borrokatzeko konpromisoa eta, bide horretan, lan munduan urrats sendoak egin behar direla uste dugu. Horretarako guztion esku hartzea ezinbestekoa da, baina enpresarien zein instituzioen borondate politikorik ezak behin eta berriz oztopatzen du aurrera urrats sendoak egitea», adierazi zuen. Horregatik, behingoz behar diren bitartekoak sor ditzatela eta berdintasun legea bete dezatela exijitu zien instituzioei.