2018 URT. 28 PILOTA Patua sufritzea denean borrokatzeak asko balio du Ezkurdiak eta Zabaletak bosgarren garaipena lortu dute, 2-9 eta 17-19 galtzen joan ondoren. Asier AIESTARAN EZKURDIA-ZABALETA 22 IRRIBARRIA-MERINO II.A 19 Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak ongi sufrituta lortu zuten Binakako Txapelketako bosgarren puntua, Irribarria eta Merino II.aren aurka 22-19 irabazita. Sailkapenaren erdialdean lau garaipenekin berdinduta zeuden bi bikote elkarren aurka neurtzen zituen lehiak, eta nafarrek 2-9 edo 17-19 galtzen joan ziren demari azken txanpan buelta ematea lortu zuten. Badirudi aurtengo txapelketan sufritzea dela Sakanako bikotearen patua, eta atzo ere halaxe tokatu zitzaien. Izan ere, urdinek askoz hobeto ekin zioten neurketari. Pilota bizi bat baliatuz, Iker Irribarriak sekulako hasiera eman zion partidari, pilotakada latzak joaz eta aurrean harrapatzen zituen erremate guztiak bikain amaituz. Merinok ere eusten zion Zabaletari, eta konturatzerako markagailuak 2-9koa erakusten zuen. Pilota aldatzearekin batera, ordea, indarrak asko parekatu ziren eta Aramako aurrelariak jada ez zuen horrenbeste pilota hartzen aurrean. Merino ere majo sufritzen ari zen pilota horrekin, eta zazpi tantoko partzial bati esker, 11-10 aurreratu zen bikote gorria, aurreneko aldiz partida osoan. Hortik aurrera, broma gutxi eta urduritasun asko kantxa gainean. Joseba Ezkurdia konfiantzarik gabe dabilela gauza nabarmena da azkenaldian, eta huts nabarmen pare bat egin zituen une garrantzitsuetan: 12-14 eta 13-15 hurbiltzea lortu zutenean. Hori ikusita, Arbizukoak nahiago izan zuen azken txanpan gutxi arriskatu, eta bikotearen aukerak Merino zigortuta etorriko zirela ikusi zuen, Zabaleta ere partida ederra egiten ari zelako gainera. Ez zuen lan txarra egin atzelari errioxarrak ere, baina Irribarriari lagundu beharra suertatu zitzaion azken txanpa horretan eta oso behartuta aritu zen, oso urrunetik sartuz. Hala ere, sake-bueltan egindako erremate batekin 17-19 aurreratu ziren, baina irudipen soila izan zen. Ezkurdiak sakea berrekuratu zuen partida osoko bere tanto onenarekin, eta hortik zuzenean joan ziren 22ra, azken biak Irribarriak hil ala bizi jokatuz galdutako pilotekin. PROMOZIOKOA Azkar apurtu da sailkapena zazpi jardunaldi bakarrik dituen Promozio Txapelketan. Agirre-Iturriagak lautik lau irabazi dituzte; Dario-Irusta eta Ugalde-Erostarbek, lautik hiru.