GARA Euskal Herriko egunkaria

Urteroko kanta


Berriz ere ustezko Guinness errekor bat Nazaren, berriz ere, ustezko komunikabideak anestesia lanak egiten, eta berriz ere, ustezko surflariak, dimentsio bakarreko gizakiaren prototipoa hauspotzen. Bermerik gabeko titular bat, berau haizatzeko kazetari mertzenarioak, eta iragazki gabeko kontsumitzaile finak, surflariak.

Ez da Nazaren hartutako olatu bat inoiz hartu den olatu handiena izan dela iragartzen duten lehen aldia, eta ez da izango esandakoa gezurtatuko den lehen aldia ere, baina artean, gezur borobil bat izan daitekeenak bere bidea egin du, eta kolpe efektuak ez du atzera bueltarik, esandako astakeria guztiak desmuntatzerako, jendea jada beste norabait begira egongo baita.

Lehen polemika 2011ko azaroan sortu zen, Garret Mc Namarak Nazaren hartutako olatu bat inoizko handiena zen ala ez galdetzen hasi zirenean; hala ere, galderak luzatzen ziren oraindik, ez baieztapenak. Beranduago baieztatu zuten adituek, olatu hura ordura arte inoiz hartu zen olatu handienetako bat izan zela eta Guinness errekorren liburuan jaso zuten. 30 metroko altuera omen zuen olatu hark.

2013ko urtarrilean berriz ere zeresana eman zuten Mc Namara eta Nazareko bere olatu kuttunak. Komunikabideek inoiz hartu den olatu handiena zela zioten, adituak isilik zeuden eta surflarien artean aldeko zein kontrako iritziak zeuden. Billabong XXL hautapenerako faboritoetako bat zen, dudarik gabe. Antolatzaileek Tow-in kategorian hautatuen zerrendan onartu zuten, eta kategoria horretan, irabazi eta diru sari garrantzitsu bat jaso zezakeen.

Azken momentuan, ordea, Mc Namarak atzera egin zuen. Alkoholdun edari markak babesle diren lehiaketa batean parte hartzeko asmorik ez zuela esanez (XXL hautapenean babesleetako bat Pacifico garagardoa da). Hau esanda, beste eztabaida bat piztu zen: «Izendapenetan irabaziko ez zuen beldur zelako erretiratu ote da?», galdetzen zuten surflariek. XXL izendapena irabaziko ez balu, beste norbaitek berea baino olatu handiago bat hartu zuela frogatuko litzateke, eta horrela gertatuko balitz, berea ez litzateke izango orain artean surflari batek hartu zuen olatu garaiena.

2013ko urrian, berriz, Carlos Burle brasildarra izan zen Nazaren hartutako olatu ikaragarri handi batekin eztabaida piztu zuena. Berriz ere, «orain artean surflari batek hartu duen olatu handiena» zela zioten komunikabideek. Itxura guztien arabera, Guinness errekor berri bat izan zitekeen Burleren balentria, baina ez zen hala izan.

Eta orain portugaldar baten txanda da, Hugo Vau omen da inork inoiz hartu duen olaturik handiena hartu duen surflaria, eta berriz ere Nazaren gertatu da. Baieztapen hori egiteko oinarri duten bideoan ez da ezer ikusten, ordea. Deus. Nire gauzak esateko moduagatik esajeratzen ari naizela pentsatuko duzue, beraz, sartu YouTuben, idatzi “Nazaré goes ballistic” (filmaren izenburua), eta zuek epaitu. Eta horren ostean, orain arte inoiz hartu den olatu handienaren kontuarekin gerturatzen zaizuen ustezko surflariari, zuek erabaki nola erantzun, baina mesedez, erantzun.