2018 OTS. 05 Errealitatearen geometria Jon GARMENDIA Idazlea Amagoiak erran zidan agertokian bertsolariak zeudela, han goian, eta gu, kazetari kritiko, ikus-entzuleen tokian geundela, bertsolariak baino beherago. Altueraren metafora zerabilen gure kritikek nondik jo behar zuten adierazteko, behetik gora agian, apaltasunez seguruenik, errealitatearen geometria errespetatuz nolanahi. Gogoan iltzatuta daramat geroztik, eta edozein ikusgarriren aitzinean plantan ezartzen saiatzen naiz, balio duen sari bakarra publikoaren esker ona bailitzan. Baina, bi euskaldun, hiru eztabaida. Zerbaitentzako disputa eta ezertarako sesio. Berdin dio gaiak, kritikaren belaunaldikoak gara gu, adituen taldekoak, zapelatzaren zeru-marratik edozeri adjektiboa jartzeko gai, funtsean sortzaileak ez baitu obra baizik sortzen, kritikaria ere sortzen du, sentikortasuna, adimena, eta aztertzeko gaitasuna beste edozein ikus-entzulek baino garatuagoa duen gizaki miragarria. Izango da euskal musika atzerrikoa baino hobea dela argudiatzeko, edo euskal musikaren artean ona zein den eta zein ez agertzeko, edo zuri irria nahiz malkoa sorrarazten dizuna ez dela kalitatezkoa leporatzeko. Izango da antzerkia apika, txalo jo diozun obrak ez omen duelako halakorik merezi, eta izango da filma, mudak ere bustiarazi dizkizuna, gidoi aldetik ahula eta argudio eskasa duelako. Maite duzun irrati esatariak ere gaizki omen darabil hizkuntza, tira, euskalki pobrea dakarkizula belarri zokora. Ulertu behar duzu, jakintsuak besteak direla. Eta beharrezkoak oro, sortzaileak hobetzen jarrai dezan, eta patatin patatan, halakoetan «Lider bat behar dugula dio liderra izan nahi duenak» etortzen bazait ere, edo Ruperren «Nik ere nahi nituzke halako segurtasunak eduki», nahiz zalantzak zoriontsu egin. «Baina, gauzak zer diren, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi. Hori suertea nonahikoak diren hoiena! Sasi guztien gainetikan dabiltza hegan».