2018 OTS. 10 Etxez etxeko zerbitzuak lanuzteak egingo ditu GARA BILBO Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuetako langileek hiru orduko lanuztea egingo dute, astelehenean, 10.00ak eta 13.00ak bitartean, zerbitzuaren eta enpleguaren kalitatea hobetu dadila eskatzeko. Gizarteratzeko eta gizartea sentsibilizatzeko jardunaldia izango da. Azaroan eta abenduan Foru Aldundian eta Udalean ordezkaritza duten alderdi guztiekin bildu ziren hainbat neurri eskatzeko, besteak beste, egunerokoan langile bezala sufritzen dituzten arazo larriak amai daitezen eta «sektorearen gainbehera» ekiditeko. Beren iritziz, azken esleipenetan gertatutakoak ondo islatzen du sektorean gertatzen ari dena. «Orduaren gutxieneko prezioa ez ezartzeaz gain, prezio hauek txikitu egiten dira sektorea enkante publiko bat bilakatuz. Zerbitzuko orduak bermatu gabe jarraitzen dute, kontratuko lanaldiak sortzen duen ezegonkortasunarekin», salatu dute. Horretaz gain, bost urte dira soldata izoztuta dutela eta patronalak KPIren azpitik dauden soldata igoerak eta gainerako atzeranzko neurriak proposatzen ditu. «Eta hori gutxi balitz, lanaldian malgutasun handiagoa hasi da ematen, langileen prekaritatea handituz». Datozen egunotan Aldundian eta udaletxeetan ordezkaritza duten alderdiei lan baldintzak hobetzeko neurriak helaraziko dizkiete.