2018 OTS. 19 Lennonen espiritua Surflari ernegatua Txakurrek beren jabeen antza izaten omen dute; horregatik ez nintzen harritu, adibidez, Urkullu jaunak pitbull bat zuela jakin nuenean. Aldi berean, elkarteek ere, beren kideak ordezkatzen dituzten neurrian, bazkideen antza izaten dute; horregatik ez nintzen harritu, adibidez, WSL erakundeak Pipelineko txapelketa egiteko tramiteetan huts egin eta errua Honoluluko alkateari bota zionean. «Guztiaren errua Yoko Onok dauka», esango luke Def Con Dos taldeak. Antza, norbaiti txapelketa egiteko data aldatu zutela Udalari jakinaraztea ahantzi zitzaion. Ez diot nik, ez da nire gauzak kontatzeko modua; horrela gertatu zen. Eta Honoluluko alkate Kirk Caldwellek eskakizuna jaso zuenerako jada egun eta leku berean txapelketa bat egiteko 26 eskaera zituen. Orduan, WSL erakundeak, akatsa onartu eta ea zer egin zitekeen aztertzeko beste bide batzuk proposatu beharrean, eremu hartan egiten dituen beste txapelketak bertan behera uztearekin mehatxu egin zuen. Caldwell jaunak ordea, ez zuen men egin eta lasaitzen zirenean berriz biltzeko atea irekita zutela erantzun zien. Azkenean, noski, WSL izan zen amore eman zuena, ez zituen beste lehiaketak bertan behera utzi eta urteko txapelketa garrantzitsuena egiteko aukera baztertua zela onartu behar izan zuen. Hori bai, WSL erakundeak huts egin duela onartu beharrean, aldatu beharra duena Honoluluko udala dela esan zuen. «Dezepzionatuta gaude, baina pozten gaitu alkateak gauzak egiteko moduak aldatu behar direla onartu izanak», adierazi zuen Sophie Goldschmidt WSL-ko ordezkariak. Esandakoa, zakurrek jabearen antza, elkarteek beren bazkideena, herriak beren ordezkariena, hiriek beren biztanleena, egunkariek beren irakurleena, kaka mokordoek sabelak bete dituzten jakiena, egungo punkiek lehengo hippyena, haurrek azkarren izan zen espermatozoidearena, itsasoek zeruarena, mendiek pareko mendiena, lautadek lur azpiko geruzena, eta surflariek... Barkatu, bidean galdu naiz. Ez da gauza erraza norberaren akatsak onartzea, ezta akatsa akats izan dela nabarmena denean ere. Gizarteari botako lioke errua Rousseauk, eta ezetz, gizakia berez dela horrelakoa erantzungo lioke Makiavelok. Nik ez dakit, ez dut WSL erakundea barrutik ezagutzen. Dakidana da iaztik Espainian egiten diren WSLko surf txapelketa guztiak kudeatzeko talde bat sortu dela, apirilean Zarauzko QS surf txapelketa antolatzeko ardura duena. Zarautz Espainia baita (edo alderantziz da?). Espainiako WSL taldeko kideak ez ditut ezagutzen, ezta beren jarduteko modua ere, nahiz eta espainiarrak izanda gauzak espainiarrek egiten dituzten bezala egingo dituztela suposa dezakedan; alegia, gaizki. Baina ez dut hori baieztatzeko elementurik. Badakit, ordea, notiziak puztu eta gezur txikiak esateko joera dutela. Iaz hemen bertan frogatu nuen moduan. Gauzak ongi ateratzen badira, haien meritua izango da eta gaizki ateratzen badira, Euskal Herriko Surf Federazioa seinalatuko dute. Ez nuke iragarritakoa asmatu nahi, iragarleek iragarritako istorioetako pertsonaien antza hartzen baitute. Edonola ere, errua beti «Yoko Onok dauka eta haren poroetatik ateratzen den Lennonen izpirituak». WSL-k huts egin zuela onartu beharrean, aldatu beharra duena Honoluluko Udala dela nabarmendu zuen: «Dezepzionatuta gaude, baina pozten gara alkateak gauzak egiteko modua aldatu behar dela onartu duelako»